Bere nagusitasuna finkatu du ELAk hauteskunde sindikaletan %35,52ko ordezkaritzarekin Hegoaldean

2011/03/10
2010eko epealdi trinkoan EAEn %40,33ko ordezkaritza lortu du ELAk eta hazi den sindikatu bakarra izan da. Bestalde, CCOO eta UGTren emaitzak batuta baino 7,31 puntu gehiago du ELAk eta bigarren sindikatuarekiko aldea areagotu egiten du EAE mailan Datuok martxoaren 10ko Kontseilu Nazionalean aurkeztu dira.

Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko idazkari nagusiak emaitzen garrantzia azpimarratu du Bilbon gaur egin den Kontseilu Nazionalean eta Txema Laiseka, hauteskunde sindikalen arduradunarekin batera, prentsaren aurrean agertu da prozesoaren eta emaitzen balorazioa plazaratzeko.

1.-Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde sindikalen epealdi-trinkoaren lehen partea 2010eko abenduaren 31n amaitu zuen. Hala ere, erritmo txikiagoan bada ere, hauteskundeak egiten jarraitzen da. Urtarriletik apirilera 3.090 ordezkari sindikal aukeratuko dira, hots, EAE osoan zehar aukeratzen diren ordezkari guztien %15,80a.

2.-Nafarroan, hauteskunde prozesua epe ezberdinetan garatzen da; urrian hasi ziren eta ekaina arte luzatuko dira. Egindako hauteskundeen portzentajea oso txikia izan da; epe garrantzitsua, hain zuzen, orain dator. Foru erkidegoan dauden 6.509 delegatuetatik 2.095 aukeratuko dira urtarriletik ekaina bitartean. Kopuru hori delegatu guztien %32,18a da, edo, bestela esanda, hauteskunde sindikalen prozesu osoan aukeratuko direnen %60a.

3.-ELAk Hego Euskal Herrian duen lidergoa sendotzen du, ordezkaritzaren %35,52arekin. Honek 14 puntu baina gehiagoko aldea suposatzen du bigarren sindikatuarekiko, CCOO, eta hirugarren eta laugarren tokian dauden UGT eta LAB sindikatuak bikoizten ditu.

4.-Hegoaldeko lau sindikatu adierazgarrienen artean, euskal esparruko biak –ELA eta LAB– gehiengo absolutua lortzen dute –ordezkaritzaren %50,84a–, Estatuko esparruko sindikalgintzari, UGTri eta CCOOri, 11 puntutako aldea atereaz.

5.-Bereziki aipagarria da ELAk Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritza –%40,33a–, bigarren sindikatua –CCOO– bikoiztuz eta CCOO eta UGTren baturatik oso gainetik –%33,03–. Gainera, portzentaje hau Estatu mailako sindikalgintzak inoiz lortu duen baxuenetakoa da.

6.-Euskal Autonomia Erkidegoan, ELA lehen indarra da bai Bizkaian, bai Gipuzkoan eta bai Araban, alde handia atereaz bigarren sindikatuari kasu guztietan. Bizkaian ELAk ordezkaritzaren %39,14a du, CCOO baina 16 puntu gehiago –%22,81–. Gipuzkoan ELAk ordezkaritzaren %45,32a du, LAB baino 20 puntu gehiago –%24,75a–. Araban, ELAk bere ordezkaritzarik altuena lortu du, %34,92, CCOOri 12 puntu baina gehiago atereaz –%22,81–.

7.-ELA sindikatu nagusia da eskualde eta sektore guztietan, kasu guztietan bigarren sindikatua alde handia ateratzen diolarik.

8.-ELA da 2010. urtean bere ordezkaritza handitu duen sindikatu bakarra, %0,15 gehiago.

9.-Hauteskunde sindikalen epealdi-trinko honetan 1.459 delegatu gutxiago aukeratu dira Hego Euskal Herrian: 1.246 EAEn eta 213 Nafarroan.

10.-Orain arte horren emaitza onak eman dizkigun antolakuntza tentsioa militantea mantendu beharra dago. Oraindik ehunka delegatu gelditzen dira aukeratzeke.

Ikusi taulak

Emaitzak Euskal Herrian

Emaitzak lurraldeka eta bilakaera

Emaitzak federazioka eta eskualdeka

2. sindikatuarekiko aldea