ELAk bere sostengua ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Adegirekiko hartu duen jarrera dela-eta

2013/07/16
ELAk ontzat jo du Gipuzkoako Aldundiaren jokabidea, egoitzetako langileen gatazkan. ELAk berriro esaten du orekak galarazteko legeaz baliatzen diren patronalei zilegitasun soziala kendu behar zaiela.

ELAk ontzat jo du Gipuzkoako Aldundiaren jokabidea, egoitzetako langileen gatazkan. Borrokan hilabeteak eman ondoren, langileen %93ek lortu dute enpresa-hitzarmena —3 egoitza bakarrik geratu dira hitzarmenik gabe—, eta hori Adegiren jarrera zurruna eta guzti.

Patronalak asaldaketa-jarrera bat hartu du, eta eskueran dituen baliabide guztiak erabili ditu akordio-bideak eragozteko, baina ezin izan du hori lortu Gipuzkoako egoitzetako langileen borroka eredugarria izan baita.

Gipuzkoako Aldundiak diru-laguntzak langileen lan-baldintzak hobetzearen baldintzapean jarri izana “tartean sartzea” izan zen Adegiren ustez, eta salaketa bat jarri zuen aldundiaren aurka. Gero, greba-eskubidearen kontra jo zuen, “Espainiako hitzarmena”ren aurka zihoalakoan.

ELAren iritziz egoitzetan gertatu dena Adegiren inguruko negoziazio-borondaterik ezaren erakusgarria da. Adegi patronalak enpresariei emandako gomendioak, uztailaren 7aren aurreko egunetan, jarrera berberaren adierazleak dira, lan-erreformak eskaintzen dizkien abantailei begirakoak.

ELArentzat Gipuzkoako Foru Aldundiak Adegirekin harremanak eteteko erabakia proportzionala da, kontuan hartuz patronala eroturik dagoela, eta azken asteotan jarrera antidemokratikoaren zantzuak eman dituela. Jokabide horren erakusgarria patronalaren buru Pello Gibelaldek joan den asteburuan egunkari bati egindako adierazpenak dira: “35 urtez ETA jasan ahal izan badugu, fiskalitatea ere jasateko gauza izango gara”.

ELAk berriro esaten du orekak galarazteko legeaz baliatzen diren patronalei zilegitasun soziala kendu behar zaiela.