ELAk berehalako neurriak eskatu ditu antxoaren arrantza babesteko

2005/06/09

Ez hartzekotan, espezie hau bisigua, lupia edo legatza bezala desagertuko da

Antxoaren gainbeheraren ondorioz eta Espainiako gobernuak erakutsi duen ezgaitasuna medio milaka euskal arrantzalek bizi duten egoera zaila dela-eta, ELAk berehalako neurriak har daitezela eskatu die, bai gaiarekin zerikusia duten administrazio guztiei, bai sare pelagikoak erabiliz sektorea muturreko egoeraraino eramaten ari diren armadoreei.

ELAko arrantza federazioaren arabera, Europako erakundeek Itsasoaren Ustiaketarako Nazioarteko Kontseiluaren gomendioak aintzat hartu behar dituzte lehenbailehen, eta antxoaren arrantza debekatu; halaber, espeziearen etorkizuna ziurtatzeko neurriak ere hartzea dagokie.

ELAren aburuz, egoerari aurre egiteko berehalako neurriak hartu ezean antxoaren arrantza de facto amaituko da, legatza, lupia edota bisiguarekin gertatu den legez, eta hori ogibidea galduko luketen milaka arrantzaleren kalterako litzateke; sektorea puntu kritiko batera iritsiko litzateke, arrantzale belaunaldi askok eta askok arrantzarako sare tradizionalak erabiliz antxoak gaur arte irautea posible egin duten arren.