ELAk berretsi egin ditu bide soberanista eta enpleguaren benetako defentsa, CIG eta CSCrekiko aliantzaren helburu nagusiak
ELAren ustez, mobilizazioa eta greba dira lan baldintzak hobetzeko oinarrizko tresnak. Horregatik, ez da koherentea LABen jarrera: batetik, grebak bertan behera utzi izana Bizkaiko Metalean eta Gipuzkoako Papergintza zein Arte Grafikoetan, eta gero ELAri kargu hartzea Gipuzkoako Metaleko lan hitzarmena sinatu zuelako (gero LABek ere honekin bat egin zuen). Azken hitzarmen honetan jaso ziren edukiak askoz hobeak dira LABek grebak bertan behera utzi zituen sektoreetakoak baino. ELAk oso aintzat hartzen du bere afiliatuak nola defenditzen ari diren enplegua kaleratze kolektiboak iragarri dituzten enpresetan (Tubacex, Gestamp, Inditex, Aernnova edo Alestis, besteak beste), eta ez du onartzen LABek hori gutxietsi izana.
Halaber, ELAk bere hortan aldarrikatzen du “Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde” 2017ko irailean LABekin batera sinatu zuen dokumentua. Honekin berariaz erabaki zen ezker politikoa interpelatzea, auzi sozialak lehenetsi eta horrela oinarri soberanista zabaltze aldera, hau baita prozesu horrek aurrera egiteko duen modu bakarra. Horregatik, ELA ez dator bat LABen aldaketarekin, ez eta UGT eta CCOOekin aliantza “zabalagoak” bilatzeko proposamenekin ere. Horrek adierazten du LABek uneotan ez duela ELArekiko ekimen batasuna lehenesten. LABek UGT eta CCOOekiko lan-eremu hori bilatzen duen artean (ulertezina da, izan ere, LABek enpleguaren aldeko harresia eraikitzeko deia egiten du ITP, Alestis eta Zaran kaleratzeak errazten dutenekin... negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, hots, Euskal Herrian hitzarmenak negoziatzeko aukera galarazten duen prozesua, ontzat eman duten berberekin), ELArentzat estrategia hori ez da bateragarri izango orain arte partekatu diren espazioekin, ez eta kontrabotere eta euskal markoaren defentsarako ereduarekin ere.
Bestalde, ELAk deitoratu egin du LABek bi sindikatuon arteko desadostasunak eztabaida publikoaren erdian kokatzeko hartu duen erabakia, akusazio benetan larriak eginez, gainera. Leporatzen dizkiguten kontuak funtsik gabeak dira, eta batzuk are surrealistak; xede bakarra izan dezakete: bi erakundeon arteko aldentzea areagotzeko ahalegina; hain zuzen, ELAren ustez egin beharko litzatekeenaren kontrakoa.
LABen posizioa eta ELAri egin dion kritika baldintzatuta dago EH Bilduk espainiar estatu mailan duen itun politika medio; indar politiko hau da Pedro Sanchezen Gobernua sostengatzen duten sozioetako bat (hala erakutsi du 2021eko Aurrekontuei eta Europar Funtsak arautzen dituen Errege-Dekretuari emandako babesak, edota Toledoko Ituneko Gomendioetako abstentzioak).
LABek Sorturekin eremu soziopolitiko bera partekatzen du; hau guztiz zilegi da, baina praktikan oztopo bilakatzen da LABek EH Bilduren lan instituzionalaren irakurketa nolabait koherente eta kritikoa egin dezan. Esaterako, ezinezko gertatzen da LABek ELArekin batera Nafarroako arlo publikoan mobilizazio eta grebak deitzea (osasungintza, hezkuntza eta zaintza sektorean), EH Bilduk Maria Chiviteren Gobernua sostengatzen baitu.
ELAk beti esan izan du aliantzak posible izan daitezen diagnostikoa eta helburuak partekatu beharra dagoela. Horregatik, ELAk jarraitu egingo du lankidetza sustatzen aipatutako printzipio eta espazioei buruz bat datozen erakunde eta sindikatuekin; hala erakusten du CIG (Galiza) eta Intersindical CSC (Katalunia) sindikatu soberanistekin duen aliantzak, zeinak gure hiru herrietako langile-klasearen eskubide laboral, sozial eta nazionalen aldeko lanean diharduen.