GARRAIOA

ELAk bertan behera utzi ditu EuskoTreneko lanuzteak, 20 pertsona kontratatzeko akordioa lortu ondoren

2024/08/12
Akordioak beste neurri batzuk jasotzen ditu, langileen segurtasuna indartzeko. Hala ere, abuztuaren 14ko kontzentrazioa (11:00etan, Bilbo) egingo da; enpresa batzordeko gainerako sindikatuek ere deia egiten dute azkenean .

ELAk erabaki du EuskoTrenean abuztuaren 14rako deituta zeuden lanuzteak bertan behera uztea, zuzendaritzak tren eta tranbietan azaroaren 3ra arte 20 pertsona kontratatzeko konpromisoa hartu baitu. Neurri hori akordio zabalago baten barruan sartzen da, langileen segurtasuna indartzeko asmoarekin. Gogoratuko denez, ELAk mobilizazioak deitu zituen EuskoTreneko langileen aurkako erasoek gora egin zutelako. Nolanahi ere, eta akordioa gorabehera, abuztuaren 14rako deitutako kontzentrazioa egingo da (goizeko 11etan, Zazpi Kale geltokian, Bilbo), eta azkenean enpresa-batzorde osoak bat egin du horrekin.

ELAk EuskoTrenen lortutako akordioak langileen segurtasuna indartzeko beste neurri batzuk jasotzen ditu. Hala, hemendik gutxira zuzeneko arretako langileei (geltokiko agenteak, lineako agenteak eta eragiketetako agenteak) gatazkak konpontzeko prestakuntza emango zaie. Formazio bera 2025eko urtarrilean hasiko da kobratzaile-gidarientzat eta bezeroarentzako arreta-bulegoentzat.

Talde horiei berei aginte-posturekin konektatutako alarma-sakagailuak emango zaizkie, EuskoTrenen berehalako erantzuna bermatzeko. Azkenik, neurri horien edo langileen aurkako erasoei aurre egiteko beste neurri batzuen jarraipen-batzorde bat sortu da.