ehungintza eta oinetako merkataritza (Nafarroa)

ELAk beste 2 greba egun deitu ditu Nafarroako hitzarmena lortzeko

2023/11/22
Azaroaren 24an eta 25ean, Black Friday egunarekin bat eginez, ELAk bi greba egun deitu ditu Nafarroako sektore hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko. Urtebete baino gehiago igaro da ELAk hitzarmena negoziatzeko bidea ireki zuenetik, eta enpresak oraindik ez dira negoziatzera eseri.

ELAk Nafarroako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko hitzarmena negoziatu ahal izateko bideari ekin zion duela urtebete baino gehiago, aurreko hitzarmena salatuz. Urriaren 10ean bilera batera deitu zituen patronalak, baina batzuk ez ziren joan, eta besteak negoziatzeari uko egin zioten. Aipatzekoa da aurreko hitzarmena 2009. urteaz geroztik iraungita dagoela, eta horrek suposatzen du, besteak beste, langileek erosahalmenaren % 24,7 galdu dutela.

Patronalak ez du Nafarroako sektoreko hitzarmena negoziatu nahi, jakin badakielako estatu mailako hitzarmena lortzen badu, lan baldintzak okerragoak izango direla, eta, beraz, merkeagoak enpresentzat. Sektoreko enpresa nagusiek (Inditex, H&M, Mango eta Sprinter, besteak beste) patronal berri bat sortu zuten, ARTE izenekoa. Patronal horrek negoziazioak hasi ditu sektore osoko lan baldintzak estatu mailan arautuko dituen hitzarmena ezartzeko. Hitzarmen honen bidez, Estatu osoan inposatu nahi dituzte lan baldintzak, EAEko eta Nafarroako sindikatu antolaketari eta borrokari esker lortutako baldintzak arriskuan jarriz. Soldatak beherantz homogeneizatu nahi dituzte, malgutasun handiagoa ezarri, urteko lanaldia handitu, aldizkako kontratu finkoak ezarri eta igandeetan eta jaiegunetan irekiera gehiago ahalbidetu.

ELAk Nafarroan negoziatu nahi ditu Nafarroako langileen lan baldintzak. CCOOk Estatuko hitzarmenaren negoziazioan aurkeztutako errebindikazio plataforma, Nafarroako iraungita dagoen hitzarmena baino okerragoa da zenbait alderditan: Nafarroan daudenak baino 24 ordu gehiago lan egitea eskatzen dute urtean, eta % 6,5eko soldata igoera proposatzen dute erosahalmenaren galera % 24,7koa izan denean. Eta adosten dutena are okerragoa izango da.

Egoera honen aurrean, ELAk beste bi greba egun deitu ditu azaroaren 24rako eta 25erako, "Blac Friday" egunarekin bat eginez eta urriaren 30ean egin zen (eta jarraipen zabala izan zuen) grebari jarraipena emanez. Nafarroako sektoreko hitzarmena lortzea da sektoreko lan baldintzak hobetzeko modu bakarra Nafarroan.