ELAk beste bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako ehungintza merkataritzan hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoelako

2022/07/12
Uztailaren 21 eta 22rako deitu du greba, KPIari lotutako soldata igoerak lortzeko, urteko lanaldia murrizteko eta sektorean dagoen partzialtasun handiari aurre egiteko

ELA sindikatuak, Gipuzkoako ehungintza merkataritzaren hitzarmenaren negoziazio mahaian %85eko ordezkaritzarekin, negoziatzen ari diren hitzarmeneko lan baldintzak hobetzeko mobilizazioen eta greben dinamikarekin jarraitzen du, eta beste bi greba egun deitu ditu uztailaren 21erako eta 22rako.

Orain arte hitzarmena negoziatzeko zazpi bilera egin dira, eta patronalak erosahalmena galtzea dakarten eta dendak igande eta jaiegunetan irekitzea ahalbidetzen duten planteamenduekin jarraitzen du.

Planteamendu horien helburua prekarietate handia pairatzen duen sektore bat are gehiago pobretzea da. Besteak beste, kontratu gehienak lanaldi partzialekoak dira, astean 12, 18 edo 20 orduz lan egiteko, eta oso gutxik dute lanaldi osoko kontratua. Gainera, ELAk uste du beharrezkoa dela sektore horretan digitalizazio prozesuak arautzea, online salmentak erabiltzen ari baitira errentagarriak diren eta enpresak berak ezarritako salmenta helburuetara iristen diren dendak ixteko.

ELAk, partzialtasunari eta digitalizazioari aurre egiteaz gain, hitzarmenean KPIari lotutako soldata igoerak ezartzea, antzinatasun plusa ezartzea eta urteko lanaldia murriztea (gaur egun 1.748 ordukoa da) nahi du.

ELAk badaki sektoreko langileen mobilizazioa eta inplikazioa funtsezkoa izango dela negoziatzen ari diren hitzarmenean lan baldintzak hobetzeko, eta aurreko greba deialdiek izan duten jarraipen zabala txalotzen du. Besteak beste, Stradivarius, ZARA, Bershka, Oysho, Massimo Dutti, Springfield, IKKS, boboli, Nanos, Parfois eta H & M dendak itxi ziren eta.