ELAk beste bost greba egun deitu ditu Aita Mennin martxoak 21etik 25era

2022/03/17
Aurrerapausurik gabe bukatu da Aita Menniko enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko aste honetako bilera. Zuzendaritzak ez baitu eduki zehatzik proposatu, eta lan baldintzak hobetu gabe jarraitzen dute. Hori dela eta, grebekin aurrera jarraitzea erabaki du ELAk: martxoaren 21etik 25era, hain zuzen ere. Bost greba egun horiekin guztira 23 greba egun eginak izango dituzte langileek.

ELAk gogorarazi du Aita Mennik Osakidetzak Gipuzkoan eskaintzen ez duen zerbitzua eskaintzen duela osasun mentalaren alorrean. Hala, Arrasateko ospitalean dauden unitateen %80 administrazio publikoarekin izandako hitzarmenekin finantziatzen dira (Eusko Jaularitzako Osasun Saila, hiru Foru Aldundiak eta Eusko Jaularitzako Herrizaingo Saila). Enpresa pribatu horrek sekulako solbentzia ekonomikoa dauka eta ezin da onartu langileen lan baldintzekin modu honetara jolastea, hain ezinbestekoa den zerbitzua eskaintzen duen enpresa batek.

Izan ere, herritarren osasun metala dago jokoan. Pazienteen zaintzaren kalitatean eragin zuzena du langileen egoera prekarioak, eta okerrera egin du. Hala nola, zenbait unitatetan dutxak egunero izatetik, orain tartekatuta egiten dira, eta paper zapi bustiak erabiltzen dira garbitzeko, esate baterako.

Gainera, lan kargak handitu dira: sarritan ez dira langileak ordezkatzen, langile falta dago eta bereziki erizainek bizi duten egoera oso larria da (adibide bat jartzearren, erizain bat 85 paziente artatzera heldu da). Horrek guztiak langileak beste toki batzuetara aldegitea suposatzen du.

Horren aurrean, ELAk mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez du izan.