ELAk beste greba aste bat deitu du Bizkaiko erresidentzietan langile gehiago eskatzeko

Orain arte egindako 14 greba egunen ondoren, Bizkaiko egoitzetako langileak kalera aterako dira berriro, ELAk deituta. Greba egun gehiago deitu dituzte abenduaren 17, 18, 19, 20, 21, 22 eta 23rako. Tamalez, GESCA, LARES eta ELBE patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sektorearen aldarrikapenak alde batera uzten jarraitzen dute, negoziazioa blokeatuz, eta gabezia larriak dituen eredu baten aldeko apustuari eusten diote: negozioa pertsonen gainetik lehenesten duen eredua.
Greba egun horietan, ELAk zaintza zerbitzuak esku pribatuetan eta funts putreetan esku beharrean, kudeaketa publikoaren esku beharko luketela aldarrikatuko du. Eta bereziki langile gehiago kontratatzeko premia larria utziko dute agerian. Hain justu, plantillak bikoiztea eta, horrela, GUFEren egoitza zentroetan dauden langile kopuruak berdintzea eskatuko dute. Horretarako, ELAk kaleetara aterako du 'Zaindu nazazu 2 orduz gutxienez' kanpaina, honako hau salatzeko: Bizkaian gaur egun batez beste 60 minutu baliatzen dira egoiliar bat artatzeko eta zaintzeko.
Errealitate tamalgarri hori gutxi ez, eta bi urteko soldata izoztea eta GUFEko lankideekin konparatuz gero %40ko soldata arrakala batu behar zaizkio, sindikatu honek azken grebetan aldarrikatu gisan.
Hau da mobilizazioen agenda:
- Abenduak 17, larunbata
17:00etan Manifestazioa Arriagatik
- Abenduak 18, igandea
Autoen karabana Bizkaiko egoitzetan
- Abenduak 19, astelehena
11:30etan manifestazioa Bilbon, EITBtik Foru Aldundira
- Abenduak 20, asteartea
11:00etan eskualdeko ekitaldia Ezkerraldean. Barakaldoko BECetik
- Abenduak 21, asteazkena
11:30etan kalejira Bilboko zazpi kaleetan zehar
- Abenduak 22, osteguna
11:00etan eskualdeko ekitaldia Ibaizabalen. Protesta Basauriko Bidebieta egoitzatik
- Abenduak 23, ostirala
11:30etan manifestazioa Bilboko Aldunditik Arriagara, mosaikoa egiteko.