Nafarroako erresidentzieak
ELAk beste greba egun bat deitu du hitzarmena lortzeko

ELAk beste greba egun bat deitu du urriaren 23an. Guztira, 22. greba eguna izango da erresidentzieako sektorean 2021ean negoziazio mahaia martxan jarri zenetik. Langileek salatu dute lan baldintzak hobetzea ez dela lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat. Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute -horietako batzuk funts putreak-, Gobernuak ez du gaur arte baldintza duinak dituen hitzarmena sinatzea ahalbidetzen duen aurrekontu partidarik jarri.
Aurreko legegintzaldian, talde politiko guztiek egoitzen lehen hitzarmenaren aldeko mozioa adostu zuten Parlamentuan. Hala ere, nahiz eta urtez urte aurrekontuak onartu, Nafarroako Gobernuak ez du hori ahalbidetuko duen proposamenik egin. Orain arte, mahai gainean dagoen proposamena patronalek 2022ko abenduan planteatu zuten bera da. Proposamen hori sindikatu guztiek baztertu zuten, oso eskasa delako.
ELAk eduki zehatz hauek aldarrikatzen ditu, besteak beste: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea.
Zaintzaz arduratzen direnak emakumeak direlako ari da hainbeste atzeratzen negoziazioa horren baldintza eskasak mantenduz. Klasearen eta generoaren ikuspegitik, beharrezkoa da langileek hilaren amaierara iristeko baldintzak lortzea eta lanaldi iraunkorrak izatea. Hitzarmen hau funtsezkoa da lan prekarietateari aurre egiteko eta zaintza publiko, unibertsal eta doako baterantz jotzeko.
Hilaren 23an elkarretaratzea egingo da 11:30ean Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean. Arratsaldean, auto karabana egingo da, eta, amaitzeko, kontzentrazioa egingo da Lares patronalaren parean (Iruñeko Tomás Caballero parkean), 17:30ean. Ordu berean, elkarretaratzea egingo da Tuterako Casa Misericordiaren parean.