ELAk bi asteko greba etengabea egitera deitu du Bizkaiko egoitzetan

2016/09/06
ELAk bi asteko greba etengabea egitera deitu du Bizkaiko egoitzetan
Greba irailaren 21ean hasiko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunik eza eta sektoreko patronalen egoskorkeria direla-eta. Gogoratu beharrekoa da martxoan eta ekainean 18 greba-egun egin zirela, eta sektorean gero eta erantzun zabalagoa lortu zutela. Datu bat ematearren, azken deialdian Bizkaiko 30 egoitza nagusietako %75etan grebaren betetze-maila erabatekoa izan zen.

Udaldian hainbatetan iragarri dugunez, eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak, ez sektoreko patronalek (GESCA, LARES, EIBE) erantzunik eman ez digutenez, ELA sindikatuak bi asteko greba etengabea egiteko deia zabaldu du Bizkaiko egoitzetan. Greba irailaren 21ean hasteko da.

Gogoratu beharrekoa da martxoan eta ekainean 18 greba-egun egin zirela, eta sektorean gero eta erantzun zabalagoa lortu zutela. Datu bat ematearren, azken deialdian Bizkaiko 30 egoitza nagusietako %75etan grebaren betetze-maila erabatekoa izan zen.

Bi asteko deialdi hau orain arte egindakoetan luzeena izan da, baina ezarritako greba-aldian akordiorik lortu ezean ez da baztertuko greba luzatzeko aukera. Izan ere, sektoreko langileek mobilizazio eta greba-egun ugari burutu behar izan dituzte orain arte lan-egiteko baldintza txarrak direla-eta. Gainera, foru aldundiaren geldotasuna eta agintekeria, eta sektoreko patronalen setakeria ez dira lagungarriak izan konponbide bat bilatu ahal izateko.

Sindikatu honentzat, sektoreko langileen ordezkaritzaren %70 izanik, eta mobilizazioetan parte hartzen duten langileentzat harrigarria da ikustea sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES, ENBE) eta BFAk akordioak lortzeko batere borondaterik ez erakustea.

Sektoreko hiru patronalek ez dituzte kontuan hartzen langileen eskariak, eta langile horiek gero eta baldintza prekarioagoetan eutsi behar diote nekez zerbitzuaren kalitateari. Patronalak gehiago arduratzen dira plazako prezioa igotzen, laster barru berraztertuko baitu aldundiak, eta norgehiagoka ari dira, ea hiruetatik zeinek (ELBE, GESCA edo LARES) handiagotzen duen bere plaza-kopurua, alegia, aldundiak diruz lagundutako plaza-kopurua. Horretarako, zenbait egoitzatan gutxieneko zerbitzuak bete gabe uzten dira, grebalariei kaleratze mehatxuak jasan dituzte, Aulaga egoitzan Gurena taldekoan mehatxutik haratago jun dira eta bi langile kaleratu dituzte greba egiteagatik.

Patronalaren jarrera hori ikusi arren, Gizarte Ongizateko ahaldunak patronalei babesa ematen jarraitu du, eta sindikatu dei-egilearekin, ordea, ezta bilerarik ere ez du egin orain arte. Gogoan izan zerbitzu hau zerbitzu publiko pribatizatua dela, eta aldundiak %70 finantzatzen duela. Aldundia da zerbitzu unibertsala eta kalitatezkoa egoitza guztietan bermatu behar duena, eta bera da sektoreko langileen baldintzak arautzen dituen hitzarmena benetan betetzen dela bermatu behar duena.

Grebaren deialdi berri honen helburuak hauexek dira: 35 lanordu astean lortzea sektore publiko pribatizatu horretan, soldata-igoera duina, baja-egoerak hobetzea, lizentziak eta baimenak, lan-kargen eta ratioen arazo larriari ekitea, eta hitzarturikoa beteko dela bermatzea. Helburu horiek lortu arte borrokan jarraituko dugu.