ELAk bi enpresa salatu ditu eraikuntzaren hitzarmena hausteagatik

2008/10/06
ELAko Eraikuntza Federazioak bi salaketa aurkeztu ditu Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan, Nicorepe Construçao e Engenharia (Portugal) enpresaren aurka eta Grupo Portues (Haro, Errioxa) enpresaren aurka.

Bi enpresa horiek parte hartzen dute Donostiako Amara Berri ikastetxea egiten eta Morlans pasealekuko gizarte-babeseko etxebizitzak eraikitzen; eta gure iritziz, obra horietan lan egiten dutenei ez diete aplikatzen sektoreko hitzarmena, eta hitzarmenean ezarritakoak baino soldata txikiagoak ordaintzen dizkiete.

 

ELAren ustez, bai soldatak, bai Gizarte Segurantzaren kotizazioak behar bestekoak baino txikiagoak dira; eta gainera, langileek benetan jasotzen duten diru-kopurua ez dator bat nominan dakarrenarekin.

Horrez gain, salatu ditugun enpresek ez diote ekarpenik egiten “Geroa” Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeari, ez langilearen kuota, ezta enpresarena ere; hitzarmenean horri buruz ezarritakoa ere hautsiz.

 

ELAk jaso dituen datuen arabera, obra horretako langileek oso lanaldi luzeak eta trinkoak dituzte, eta horrek istripuak izateko arriskua areagotzen du. Bestalde, lan egindako ordu guztiak ez dira abonatzen, ezta behar bezala kotizatzen ere Gizarte Segurantzan.

Horregatik, ELAk Lan Ikuskaritzari egindako eskakizunak bi dira: lehenengo, enpresa horien irregulartasunak ezabatzea da; eta bigarren, beharrezkoa izanez gero, enpresa azpikontratatuetako langileen lan-baldintzak eta soldatak erregularizatzeko kostuak enpresa nagusien (Construcciones Galdeano eta Construcciones Jaureguizar) kontura joatea subsidiarioki.

 

Aipatu beharrekoa da Grupo Portues, Morlans-94 Aldi-baterako Enpresa Elkartearen azpikontrata izanik —non Construcciones Galdeano-k eta Construcciones Jaureguizar-ek parte hartzen duten—, babes ofizialeko 94 etxebizitza eraikitzen ari dela, Visesa-ren esleipenari esker. Gogoan izan Visesa Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren menpeko erakundea dela.

 

Orain direla hilabete batzuk, ELAk jarraipen-kanpaina bati ekin zion, Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena zenbateraino betetzen den jakiteko, eta batez ere azpikontrataturiko enpresak begiratu dira. Kanpaina hilabete gehiagotara luzatu behar izan da, irregulartasunen ugaritasuna dela-eta.