ELAk Bilboko Portuan gertatu den istripu hilgarria salatu du

2015/11/11
ELAk salatu du gaur goizean LA.P.V. langilea hil dela Bilboko Portuan gertatu den lan istripuan: makina batek harrapatu du azpian. Hildakoak 56 urte zituen eta Abanto-Zierbenan bizi zen.

Zehatzago, behargina Bilboko Portuko Zamalanen Elkarteko anotatzailea zen. Bergen lanean ari zela, Britannia Seaways ferryan, edukiontziak mugitzeko makina frontal batek azpian harrapatu du, eta ondorioz hil egin da.

Lehenik, ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die langilearen senide eta lankideei; halaber, exijitu istripua lehenbailehen ikertu behar dela, zergatiak eta ardurak argitze aldera.

Istripuari dagokionez, aipatu beharrekoa da prebentzio ordezkariek segurtasun eta osasun batzordean enpresari ohartarazi ziotela makina frontal hauek ez daudela egoera onean, hainbat irregulartasun antzemanda ere, ez baitziren konpondu.

ELAren ustez ezin da ontzat eman honelako ezbeharrak behin eta berriz gertatzea, zeinetan segurtasun neurriak ez hartzeak eta enpresen utzikeriak langileen osasuna eta bizia akaba dezaketen. Honez gero prebentzio legea hogei urtetik gora indarrean dagoen arren, sarri urratzen da, eta enpresek ez dituzte behar besteko neurriak hartzen gutxieneko segurtasun maila bermatzeko.

Sindikatu honek salatu du lehenago ere istripu tasa handiaren zergatia lan prekaritatea eta eskubideen etengabeko suntsipena (baita lan-osasun eta -segurtasun arloan ere) dela. Hau erakundeen laguntzaz gertatzen da, haiek aintzat hartzen direla zaindu beharko bailukete.

Istripu hilgarri hau salatzeko gaur Bergen lanuzte bat izango da, eta bihar 24 orduko beste bat, Bilboko Portuan. Horrekin batera protesta agerraldi bat ere egingo da; ELAk parte hartuko du enpresa-batzordeak deitutako mobilizazio hauetan; dei egiten diegu herritarrei bertara daitezen, izurri sozial hau salatu beharra baitago.