ELAk Bilboko Portuko Zamaketan enpleguaren egoera larria salatzen du beste behin

2020/08/12
Pribatizazioak enpleguaren erabateko hondamendia ekarri duela ondoriozta daiteke; azken 13 urteetan ez da mugagabeko kontraturik egin, eta behin behineko langileek, hainbat urte daramatzate egoera horretan, egunez eguneko kontratuekin sarri.


Era berean, langilegoak ez dauka lan egutegi finkorik eta enpresak nahierara moldatze du, ikuskaritzara igorritako denuntziek salatu duten moduan (Azkena otsailean ELAk Aurkezturikoa) enpresak ez du araudia errespetatzen.

ELAn jakin badakigu salaketa soilekaz jarraitzeaz aparte, haratago joan behar dagoela eta langileon erantzun irmo baten beharra nabarmentzen dela, ez ordean azken greba deialdiaren modukoa; ustezko gerturatze baten ondoren deskonbokatu den deialdia hain zuzen. Ez dugu greba deialdi nahasi eta are nahasiagoa dirudien negoziaziorik behar. Langile berrientzako soldatak ia %50 baxuagoak izatea, hots, eskandaluzko eskala bikoitz baten onarpena ezin da inolaz ere negoziaketa hasteko hasiera puntu bat izan. Horrelako jokaera sindikala iparra galdu eta patronalaren interesei soilik erantzuten dion gehiengo sindikal baten ikuspuntutik da bakarrik ulergarri, hau da; mobilizazioak aurrera eramateko intentziorik gabe deitzen dituen sindikalismo eredu batetik.

Lan baldintzak eta enplegua irmoki lotuko dituen hitzarmen baten beharra nabarmena da eta horretarako , borrokatu egin beharko da, benetako lan borroka.
Benetako mobilizazioen aldeko dei bat luzatzen dugu; langileon aldarrikapenak eskuratu arte portua gelditu dezagun, aldarrikapen horiek justuak eta zilegi bai dira.

Norabidea aldatu nahi badugu leman kolpe bat jo beharko dugu, benetako kolpea. ELAn helburu horren baitan lanean jarraituko dugu.