ELAk Bilbon ospatuko du Maiatzaren Lehena

2006/04/25

Azken urteotan bezala ELAk Maitzaren Lehena Bilbon ospatuko du manifestaldi batekin."Langile jendearen Euskal Herria eraiki-Enplegu duina, ongizate soziala", lemapean milaka militante eta kide elkartuko dira eguerdiko hamabietatik aurrera Bilboko Gran Vía kalean. Ordu honetan, Jose Elorrieta, idazkari nagusiak bere hitzaldiari ekingo dio bertan propio prestatutako taulatik. Arratsaldean, ohi bezala,bazkari bat izango da Barakaldo BECen.

Maiatzaren Lehen honetan askotan ahaztuegi daukagun kontua gogorarazi nahi du ELAk: aberastasunaren banaketa justuagorako ez dela nahiko hitzarmen kolektibo on bat sinatzea, eta gizarte eredua (pentsioak, hezkuntza, osasuna, etxebizitza, menpeko pertsonen zaintza, e.a.) soldata bezain garrantzitsua dela, alegia. Pentsa dezagun nolako eragina izango lukeen gure poltsikoan, esate baterako, etxebizitza moduz eskuratu ahal izango bagenu, edota haurtzaindegi publikoak, dentista edo okulistak doan izango bagenitu.

Horregatik, gizarte ereduarekin erlazioa duten gai hauek ere, lehen mailako aldarrikapenak dira gure sindikatuarentzat.

Maiatzaren Lehena langileon eguna da eta. klase izaera berretsi eta gure aldarrikapenak eta borrokak plazaratzea du helburu.

Lehen aipatutako aldarrikapenekin batera garrantzitsuak diren beste hainbat gai nabarmenduko dira. Bereziki, solda, lanaldiaren, laneko egonkortasunaren, osasunaren eta gure eskubideen eta duintasunaren errespetuaren zerikusirik dutenak.

Era honetan, hainbat borroka fronte dugula irekita; gogoratu nahi du egun honetan. "Sarritan gogor egin behar izaten dugu patronalak gero eta gehiago estutu nahi gaituelako. Izan ere, patronalak gauza asko ditu bere alde: legeak, gobernuak, bere neurrira eginiko ekonomiaren arauak..., eta abantaila baliatu nahi du", dio.

ELAren esanetan "nabaria da antolatzen garenean eta borrokatzeko prest gaudenean, geure burua errespetarazten badakigula: negoziaziorik gabe urteak zeramaten sektoreak, prekarietateak kolpatutako taldeak, azpikontratetako jendea, kideen lan berdina egin arren diskriminaturik daudenak&, mobilizatzen hasiak dira eta hobekuntza nabarmenak lortu dituzte. Borrokatzeak merezi duela erakusten digute, hain zuzen ere".

Maiatzaren Lehen honetan lan baldintzen aldarrikapenek bat egiten dute bizi baldintzen aldarrikapenekin. Euskal Herri honek, eraiki nahi dugun herriak, ez du izan behar ugazaben eta bere tartekoen interesen neurrira eginiko herria, langile jendearen, herri xehearen neurrira eginiko herria baizik.