ELAk bilera egin du EH-Bildurekin estatuko hitzarmenen esplotaziotik babesteko

2018/04/09
ELAk Lanbidearteko Akordioaren inpugnazioak EAEko langileengan izan dezakeen eragin lazgarriaz hausnartuko du alderdi politikoekin. Erronda EH Bildurekin hasi da. ELAren aldetik Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregi eta Zerbitzuak Federazioko Idazkari Nagusi Mari Cruz Elkoro izan dira; EH-Bilduren aldetik, berriz, Iker Casanova eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak.

Akordioaren inpugnazioa burutu duen FEADRS patronalaren helburua da EAEn Estatuko Ostalaritza Hitzarmena aplikatzea, eta, honen ondorioz, langile berriei soldata erdia ordaintzea eta urtean 70 lanordu gehiago egitera behartzea. Inpugnazioak bere osotasunean aurrera egingo balu, EAEko langileek Estatuko hitzarmen kaskarretatik babesteko tresna guztiak galduko lituzkete.

ELAk EH-Bilduri helarazi dio honen aurrean hemengo alderdi politikoen babesa ezinbestekoa dela. Enpresa hauek, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin kontratu handiak dauzkate, bereziki Osakidetzarekin. ELAk uste du enpresa horiek ezin dutela euskal langileen zergekin negoziorik egin beren helburua langileak esplotatzea denean.

Horrez gain, ELAk jakinarazi du enpresa horietan apirilaren 24an greba egingo duela langile berrien aurkako diskriminazioen aurka eta, horrez gain, mobilizazioak egingo dituela enpresa horiek inpugnazioa epaiketa aurretik bertan behera utz dezaten.