Muñoz: "Ustelkeriak ekonomia eta politikaren arteko lotura agerian uzten du"

2013/02/04
Muñoz: "Ustelkeriak ekonomia eta politikaren arteko lotura agerian uzten du"
ELAk ustelkeriaaren aurkako elkarretaratzea deitu du gaur goizean Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza aurrean, Bilboko Moyua Plazan. Agerraldian PPren gobernuak dituen erantzukizun politikoak berehala garbitzea eskatu du sindikatuak eta ekonomiaren eta politikaren arteko lotura salatu du.

Sarri salatu izan dugu politikak kapitalarekiko duen menpekotasuna, baita egiten ari den murrizketa agenda lazgarria ere. Kritika egin dugu ustelkeria maila desberdinak daudelako, eta hori ez delako anekdota; aldiz, gure ustez gertatzen ari den guztiaren zergatia egiturazko errealitate bat da. Krisia ez da soilik auzi sozial eta ekonomiko bat: politikari eta demokraziari berari eragiten dio.

Joan zen astean plazaratutako informazioak frogatzen du gobernuaren erabakiekin etekina lortu duten enpresek PPri zerbitzuak ordaindu egiten dizkiotela, eta honek, berriz, bere zuzendaritzako eliteari. Horrela pilatu dira urte askotan espainiar estatuko fortuna handiak.

Ordain horiek jaso dituen arduradun politiko batek ere ez luke bere karguan jarraitu beharko, ezta minutu bat gehiago.

Gutxieneko maila demokratikoa duen estatu batean halako gertakari larriak egonez gero, gobernuak dimisioa emango luke eta ikerketa judizial independiente bati ekingo liokete, ardurak garbitzeko. Horixe exijitzen dugu. Ezin da beste aldera begiratu ikusten ari garena ikusirik: deskonposizio politikoa, gainbehera demokratikoa, eta kapitalak klase politikoa eskubide sozial eta laboralak suntsitzeko erabiltzea.

Aipatutako pertsona berdinek laster pentsioen erreforma gogor bat justifikatzen saiatuko dira, beste erabaki batzuren artean. Ausartuko ote dira? Guk uzten badiegu, behintzat, bai.