Justizia Administrazioa

ELAk bitarteko langileen eskubideak murrizten dituen erreforma gaitzetsi eta sistema judiziala kolapsatzeko arriskuaz ohartarazi du

2025/06/25
Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzen duen lege proiektuaren testuak okertu egiten du bitarteko langileen egoera, eta bi urte betetzen dituztenean lanpostu huts bat betez, kanporatzea jasotzen du, gaur egun hiru urte direnean.

Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzen duen lege proiektuak jasotzen du bitarteko langile batek hutsik dagoen lanpostu bat bete dezakeen gehieneko denbora bi urtera mugatzea. Neurri horrek murriztu egiten du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak (EPOE) ezartzen duena, muga hori hiru urtekoa baita. Gainera, azken kargua utzi eta sei hilabete igaro arte berriro izendatzeko debekua sartzen da, baldin eta pertsona horrek bi urte baino gehiagoz aldi baterako plazak bete baditu, aldi desberdinetan bada ere.

ELAk ohartarazi duenez, neurri horiek sistema judiziala kolapsatzea eragin dezakete. Izan ere, etengabe beste langile batzuengana jo beharko lukete, prestakuntza jasotzeko esperientziarik eta denbora nahikorik izan gabe, edo plazak hutsik utzi beharko lituzkete mugarik gabe, deialdi eta ebazpen datarik bermatuta ez duten hautaketa prozesuen zain.

Gainera, sei hilabetetan berriro ez deitzeko mugak zigor izaera argia du, eta bitarteko langileekiko diskriminazioa dakar. Honek ez du lekurik Europar Batasuneko Zuzenbidearen diskriminaziorik ezaren printzipioaren babesean.

Horregatik guztiagatik, ELAk erreforma hau gaitzetsi eta iragarri du mobilizazioak hasiko dituela Justizia Administrazioko langileen eskubideen alde, eta laster emango duela horien berri.