ELAk Bizkaiko adinekoen egoitzetako gatazka gogortu, eta ekainaren 23 eta 24rako greba deitu du

2022/06/13
Ekainaren 23an eta 24an beste bi greba egun egitera deitu du ELAk Bizkaiko adinekoen egoitzetako gatazkan. Horrela, sektoreko langileek azken hilabeteen egingo duten seigarren lanuztea izango da. Era berean, langileek iragarri dutenez, egoera aldatzen ez bada, 2017an 368 greba-egun egitera eraman zituen egoera bera errepikatzeko beharra ikusiko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta GESCA, LARES eta GEROAN patronalek berriro ere erakutsi duten utzikeriaren eta abandonuaren ondorio da deialdia. Besteak beste, arreta ratio duina bermatuko lukeen langileak falta dira, lehen egunetik langileak ordezkatu behar dira, erosahalmena ere ez zaie langileei bermatzen, ezta egonkortasuna ere, eta hori guztia lehenbailehen bermatu behar dela uste du ELAk.

Erresidentzietako mendetasun maila handia kontuan izanda. gai horiei ez erantzuteak plantillen eta egoiliarren arrisku psikosozialak kronifikatzea baino ez dakar. Langile faltak, kontratazio partzialak eta lehen egunetik langileak ez ordezkatzeak zera dakar: profesional bakar batek 15 egoiliar baino gehiagoko taldeak artatu behar izaten dituela.

Bestalde, ELAk salatu du BFAk sektoreko enpresei emandako 255 milioi euroek ez dutela inolako eraginik izan 150 erresidentzietako lan eta arreta baldintzetan. Are gehiago, zainketa sistemaren gabezia larriak pertsonen gainetik jarri, eta negozioari lehentasuna ematen dion ereduaren alde egiten jarraitzen dute.

Egoera horren aurrean, ELAk sektoreko langile guztiei dei egiten die mobilizatzen jarraitzeko, arreta eta zaintza hobetzearen aldeko eredu aldaketaren alde, lan baldintzen hobekuntzei erantzuteko, eta behingoz enpresen mozkinen mesedetan beharrean, langileen, senideen eta egoiliarren mesedetan izango den eredu publikoaren alde egiteko.