ELAk Bizkaiko Aldundiari eskatu dio Elkarkidetzara egin beharreko ekarpenak berehala egiteko

2014/02/11
ELAk Bizkaiko Aldundiari eskatu dio Elkarkidetzara egin beharreko ekarpenak berehala egiteko
ELAk deituta Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin da gaur goizeaneta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari eskutitz bat helarazi zaio, EAEko Diputazio eta udaletxe gehienek bezala, Elkarkidetzara egin beharreko ekarpenak berreskuratu ditzala exijitzeko.

Gaur goizean, ELAk Bizkaiko foru Aldundiaren aurrean kontzentrazioa egin du, Foru Aldundiaren jarrera salatu eta Elkarkidetzara ( Sektore publikoko pentsioen sistema osagarria) egin beharreko ekarpenak berreskuratu ditzala exijitzeko. Izan ere, EAEko Foru Aldundi eta udaletxe gehienak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bilboko udaletxea buru, urtarrilean hasita, instituzioei dagozkien ekarpenak berreskuratu dituzte, baina Bizkaiko foru Aldundiak ez du berari dagokion zatia ordaindu.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Espainiako legeak jarraituta, Elkarkidetzarara egin beharreko ekarpenak bertan behera utzi zituen 2012 urtean, langileekin sinaturiko hitzarmenak errespetatu gabe. 2014rako aldiz, jada ez dago ekarpenak egiteko debekurik, baina Jose Luis Bilbao buru duen Foru Aldundiak, EAJk berak eginiko emendakinak ere ez ditu bete eta ez ditu berari dagozkion ekarpenak berreskuratu. 

Elkarkidetzara egin beharreko ekarpenak, Bizkaiko Foru Aldundiko langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioan hitzarturiko ekarpenak dira, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak, ekarpenak egiten ez baditu, Instituzio honen murrizketa larri bat izango da, ez inork, inon inposaturiko murrizketa bat.

ELAk, eskutitz bat helarazi dio Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, langileokin harturiko konpromisoak bete egin behar direla eta gaurkoz ez dagoela ekarpenak egitea beste irtenbiderik esanez, eta, berehala, beraiei dagokien zatia ordaintzeko exijituz.