ELAk bigarren greba egun bat 
deitu du Bizkaiko erresidentzietan otsailaren 8rako

2022/01/18
Bizkaiko erresidentzietako langileek otsailaren 8rako beste greba egun bat deitu dute, hain zuzen, martxoaren 8a baino hilabete lehenago. Deialdi berri honetan, ELAk berriro aldarrikatuko du lan hitzarmena berritu beharra dagoela, zaintza eredua aldatuko bada. Sindikatuak azaldu duenez, ezinbestekoa da eredua errotik aldatzea, zerbitzuak publifikatzea eta ratioak hobetzea.

ELAk zaintzaren inguruko funtsezko puntuak negoziatu eta adostea exijitu du, esaterako, profesionalak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata eta lan baldintzak GUFErekin parekatzea eta lanaldi partzialeko kontraturik ez egitea, besteak beste. Haatik, joan den abenduaren 14ko greba deialdiaren ostean Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek gero eta posizio tinkoagoa markatu dute: ez dute 5.000 langileren greba eskubidea errespetatzen; zeharo nekatuta dagoen lantaldea areago estutzen dute lan karga itzelekin; falta diren langileak ez dituzte ordezkatzen... “Arreta eredu horrek erabateko lehentasuna ematen dio pribatizazioari eta negozioari; pertsonak eta zaintza bigarren mailako kontuak balira bezala hartuz”, kexu da sindikatua.

ELAk salatu duenez, gaur arte sektoreko patronalei (GESCA, LARES eta ELBE) eman zaizkien 255 milioi euroetatik (diru publikoa) bat bera ere ez da baliatu zaintza hobetzeko, lantaldeak handitzeko edota lan baldintzak egokitzeko. Areago, seigarren olatu honetan patronalak, Aldundiaren oniritziarekin, zaintzan inbertitu ordez sektoreko langileen esplotazioa larriagotzen ari dira, lan karga handiagoak ezarriz; beharginak behartzen dituzte egun libreetan, jaiegunetan edo oporraldian lan egitera, lantokietako egoeragatik baja hartu behar izan duten langileen ordezkapenak egiteko modurik ez dagoela eta.

Horrenbestez, bigarren greba egun honekin ELAk 2022. urtean borrokari eutsiko dio, ardatz nagusiak mobilizazioa eta greba izango baitira. “Patronalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lan Sailak erabakiak hartu behar dituzte zaintza eredua errotik aldatzeko, egoiliar, senide, langile eta gizartearen hobe beharrez”.