ELAk Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuen jarrera salatzen du

2011/10/05
Joan den irailaren 8an ELAk EAEko hiru diputatu nagusiei bilera bana eskatu zien. Bileraren helburua, ELAk bidali zien agiri bat aurkeztea, “ELAren proposamenak Foru-Aldundien gobernu ekintzarako” izenekoa. Ez dago erantzunik Bizkaiko Jose Luis Bilbao eta Gipuzkoako Martin Garitano Diputatu Nagusien aldetik.

11 orrialdeko agiri honek proposamenak luzatzen ditu hainbat arlotan: fiskalitatea, gizarte-zerbitzuak, azpiegiturak eta ingurumena, gardentasuna eta parte-hartze soziala eta, azkenik, aldundietako langileen baldintzak.

Javier de Andres Arabako Diputatu nagusiak berehala onartu zuen eskaria. ELArekin batzarra irailaren 26an izan zuen. Hitzorduaren ostean sindikatuko idazkari nagusiak hedabideen aurrean bilerari buruzko iritzia eman zuen, etsigarria izan zela esanez.

Bestalde, honez gero ez dago ezta telefonozko erantzunik ere Bizkaiko Jose Luis Bilbao eta Gipuzkoako Martin Garitano Diputatu Nagusien aldetik. Haatik, sindikatua jakinaren gainean dago bilera eskaria duela hilabete iritsi zela bi aldundi horietara.

ELAren iritziz, bilera horiek beharrezkoak dira eta lehenbailehen egin beharko lirateke, Eusko Jaurlaritzak eta Foru-Aldundiek hitzordua baitute asteon Zerga Koordinaziorako Organoan (ZKO) eta datorren astean Finantza Publikoetarako Euskal Kontseiluan (FPEK). Nonbait ZKO zergen erreforma egiteko proposamenak aztertzen ari da, baina proposamen horiek ezezagunak dira.

FPEKaren datorren asteko bileran 2011an eta 2012an administrazioek bilduko duten diruari buruzko aurreikuspenak erabaki nahi dituzte. Jaurlaritzaren eta Foru-Aldundien datorren urteko aurrekontuak kontseilu honek hartzen duen erabakiaren araberakoak izango dira, estatuak defizit publikoa BPGaren %1,3ra mugatu baitu.

Datorren urtean zenbat diru bilduko den aurreikuste aldera zein araudi aplikatzen den jakin behar da. Begibistakoa da, beraz, lehenbailehen egin behar dela zerga-sistemari buruzko gizarte-eztabaida, erabakiak ez daitezen aurretiaz hartu.

ELAk gogoratu nahi du Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakunde  guztian EAE dela zerga-politika parte hartze sozialerako prozedura arauturik gabe erabakitzen den lurralde bakarra. Hau berebiziko defizit demokratikoa da. EAEko egitura instituzionala medio zerga-politikan ez dago mendebaldeko demokrazietan ohiko diren informazio, kontrol, gardentasun eta gizartearen parte-hartze tresnarik. Horregatik urtetan zerga-politika, zeina erakundeek aipatutako bi erakundeetan   koordinatzen baitute, oso ezkutuan geratu da, eta eztabaida publikotik aparte. Gogoratu beharra dago gabezia nabarmen hau ELAk lehenago ere salatu izan duela, esaterako EAEko EGABen parte hartzea eten egingo zuela iragarri zuenean.

Urteak dira ELAk parte hartzeko bide instituzionalizatuak eskatzen dituela, beste eragile batzuren artean klase-sindikatuen ekarpena bideratze aldera. Halaber, sindikatuak eskatu izan du gizarteari kontsulta egiteko mekanismoak ezartzea (erreferendum bidez), eta herritarrek ezagutzeko aukera izatea agintariek presio-lobbyekin zein harreman duten. ELAren irudiko, ezkutukeria eta parte hartzerik eza ezinbestean lotuta daude errenta altuen, enpresen eta kapitalen mesederako egiten den politikarekin. Begiratu besterik ez dago egunotan ezagutu dena enpresei emandako opor fiskalei buruz, Europako auzitegiak legez kanpoko jo dituenak.

Hori guztia ikusirik, ELAk Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuen jarrera salatzen du, sindikatu nagusiarekin ez baitute bilerarik egin nahi. Ukapen honek agerian uzten du dauden karguak eskatzen duen gizalege eza, eta laido egiten die bi lurraldeotan gure sindikatuan afiliatuta dauden ia 90.000 langileei.

Dena dela, ez dugu uste okerrena hori denik. Beldur gara diputatu nagusien ukapenak beste arrazoi bat ez ote duen, hots, zerga- eta aurrekontu-politikaren oinarriren bat zalantzan jartzen duen erakunde orori entzungor egiteko erabakia. Bizi dugun unea ikusirik -krisia, aurrekontu murriztuak eta laster izango diren hauteskundeak-, uste dugu diputatu nagusiek erabaki dutela zerga- eta aurrekontu-arloan izan litekeen talka ez dela iritzi publikoan islatu behar. Inondik ere albiste txarra gizartearentzat eta demokraziarentzat.