ELAk Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmena sinatu du
Urtarrilaren 11n ELAk Bizkaiko ostalaritzako lan-hitzarmena sinatu da. Besteak beste hauek dira bere edukiak:
Iraupena: 2016 eta 2017 urteak; 24 hilabeteko ultraaktibitatea.
Soldata igoerak: 2016an %1,60; 2017an, KPI + %0,40, 0,40a bermatuta dagoelarik.
Inaplikazioaren aurkako blindaje klausula.
Hileko 25 euroko plusa beren langileei sektorearekin lotutako prestakuntza ematen ez dieten enpresetan.
Gainera, sinatu duten aldeek hitza ematen dute Batzorde Parekidean aztertu egingo dituztela hoteletan gero eta gehiago gertatzen ari den esternalizazioa geldiarazteko moduak; fenomeno honek kolektibo handi baten lan-baldintzak okerrera egitea dakar.
ELAk Ostalaritzako Hitzarmena sinatu du CCOOk eta UGTk negoziazioa zentralizatzea erabaki dutelarik. Iazko maiatzean Ostalaritzako Lan-Akordioa (ALEH) argitaratu zen, 2015-2019 epealdirako. CCOOk eta UGTk sinatutako akordio horren helburua da gaiak estaturako bereganatuz hitzarmen probintzialak negoziatzeko edukirik gabe uztea. Estatuko sindikatuon erabakiak Hego Euskal Herriko langileen baldintzetan atzerakada larrai eragin dezake.
Halaber, pasa den azaroan bi sindikatu espainiarrek estatu mailako Sukalde Kolektiboetako Lan-Hitzarmena sinatu zuten. Akordio hau enpresa gastronomikoetako langileei aplikatuko litzaieke (Hezkuntza sailaren menpeko ez diren ikastetxe, ospital eta sukalde zentraletan), eta kolektiboak dituen soldata mailari zeharo eragingo lieke; halaber, lanaldi luzeagoa eta baldintza sozial okerragoak ezarriko lituzke.
ELAren iritziz, ALEH eta Sukalde Kolektiboetako hitzarmena CCOOk eta UGTk sektoreko lan-baldintzen aurka egindako eraso gogorra da. Bi akordioetan beretzat gorde nahi dute hitzarmen probintzialetan negoziatzen denari buruzko erabakia, langileek EAEko hitzarmena izateko aukera galarazteraino. Jarrera hau demokratikoa ote den hausnartu beharko lukete, estatutik euskal eremuko negoziazio kolektiboa eragoztea oso larria baita; kolektiboari honi buruzko kontuak argitu beharko lituzkete.