ELAk Bruselan TTIParen aurkako beste mugimenduekin batera konferentzia batean parte hartu du
2014/12/10
ELA gaur Bruselan garatzen ari den konferentzia baten parte hartzen ari da. Konferentziaren izenburua, “Stop TTIP, CETA, TISA. Gehiengoaren zerbitzura dagoen ekonomia bat”; berau Europako Parlamentuko GUE/NGL ezkerreko taldeak antolatu du, Transnational Institute-rekin (TNI) batera.
Konferentziak Ipar Amerikako eta Europar Batasuneko sindikatuak, gizarte mugimenduak, aktibistak eta parlamentari nazioanalak zein erregionalak batu ditu. Guzti hauek helburu bera dute: TTIP (Inbertsio eta Merkataritza Lankidetza Transatlantikoa EB eta EEBBen artean), CETA (Merkataritza akordioa Europa Kanadarekin) eta TISA (Zerbitzuen merkatua liberalizateko ituna) akordioak geldiaraztea.
Akordio hauek mehatxu bat dira demokraziarentzat, lan-eskubideentzat, ingurumeneko araudientzat eta oinarrizko zerbitzu publikoentzat. Sekretuan negoziatzen ari dira edo negoziatu dira, eta gizartearen edozein eratako partehartzea edo eztabaida kritikoa saihesten dute. Labur esanda, enpresa handiak indartzea bilatzen du herritarren eskubideak zapuztuz.