ELAk Burdinberri enpresan (Gasteiz) KPIa adinako soldata igoerak eta hobekuntza nabarmenak jasotzen dituen hitzarmena sinatu du

2022/10/14
27 greba egunen ondoren, lanaldia murriztea, kategoriak berrikustea eta errelebu kontratuak ere lortu dira

ELAk osatzen duen Burdinberriko Batzordeak akordioa lortu du enpresarekin. KPIaren araberako soldata igoerak eta bestelako hobekuntza duinak jasotzen ditu.

27 greba egunen ondotik dator hitzarmena. Aeronautikaren sektorean Arabako metalaren barruan lan egiten duten 60 langile ditu enpresak. Horrek esan nahi du azken urteetan enpresak langileak kaleratu dituela eta aldi baterako lan-erregulazioak gehiegikeriaz erabili dituela. Baina 2022. urtean jada martxan zegoen eta lan-karga handia zuen. Batzordeak irabazien planteamendu egokia egin zuen langileek sortutako aberastasuna banatzeko, soldata duina eta KPIren araberako igoera izateko. Zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean, langile batzordeak astebeteko greba egin zuen uztailean, eta irailean ere jarraitu zuen; mugagabea bihurtu zen pasa den astean.

Greba horri esker eta batzordeak zein grebalariek erakutsitako jarraikortasun eta indarrari esker lortu da akordioa. Gaur, urriak 14, sinatu dute Enpresa Ituna, honako hobekuntzekin: KPIaren igoerak 2022, 2023, 2024, 2025 urteetarako, beste 250 euroko ordaina langile bakoitzari sinadurarekin batera, inapliklazio klausula (garrantzitsua enpresak balia ez dezan Zapateroren eta Rajoyren erreforma hitzarmena ez betetzeko), 2023rako lanaldi jaitsiera 1.727 ordura arte, txanda kontratua, eta Batzordeak eta langileek urtero kategoriak berrikusteko aukera izatea.

Arabako Metalean soldata igoera duinak lortu daitezkeenaren adibidea da Burdinberri, beti ere langileak antolatu, mobilizatu eta grebarako aukera eskaintzen bada.