ELAk CIE Automotive taldean KPIaren gaineko soldata igoerak lortu ditu

2022/07/20
Araban dauden taldeko 5 enpresetan, langileen lan baldintzak eta erosteko ahalmena hobetzea lortu da egin diren mobilizazioei eta grebei esker.

CIE Automotive automobilgintzan aritzen den eta burtsan kotizatzen duen enpresa multinazional bat da. Bere diru sarrerak eta irabaziak asko handitu dira azken urteetan: 2021ean 3.269 milioi euroko diru sarrerak izan zituen eta 267,5 milioi euroko irabaziak, horietatik 63,9 milioi dibidenduetan banatu zituzten.

ELAk lan baldintzak hobetzea lortu du taldeak Araban dituen 5 enpresetan: CIE Mecauto, CIE Recytec, CIE Gameko, CIE Novarecyd eta CIE Alcasting.

Horietan guztietan, itunek eta hitzarmenek lanaldi murrizketa handiak eta KPIaren gainetik dauden soldata igoerak izatea lortu da, baita lan baldintzen beste hobekuntza asko ere.

Lorpen horiek posible izan dira enpresa horietan egin diren greba eta mobilizazioei esker; horretarako, beharrezkoa da plantillak antolatzea eta inplikatzea.