ELAk Correosen lan baldintza duinen alde borrokan jarraituko du

Prezio igoeren eraginez, Correoseko langileen erosteko ahalmena %5,6 jaitsi zen 2021ean. Eta 2022ko galera %3 baino handiagoa izan daiteke. Horrek, bi urtean 3.000 euro inguru galtzea ekarriko dio 20.000 euro irabazten dituen langile bati. Egoera txarra da plantillarentzat, oro har, eta lanaldi partziala duten langileentzat are txarragoa.
Hitzarmen berri baten alde borrokan
Kontratu berriek eskaintzen dituzten soldata eta ordutegiek ezinezko egiten dute familia bateragarritasuna. Horregatik, besteak beste hurrengo aldarrikapenak barne hartuko dituen Hitzarmen berri baten alde gaude lanean:
1.- 35 ordu astean. astelehenetik ostiralera lan egiten duten langileentzat. Eta 30 ordu astean gaueko lanaldia dutenentzat. Gehienez, 1.592 ordu urtean.
2.- Azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta, gutxienez, KPIaren igoerak bermatzea.
3.- Langile guztien eskubideak EPOErekin parekatzea.
4.- Lanbide-gaixotasunen katalogoa sortzea.
5.- Laneko bajak despenalizatzea eta bajaren kasuan % 100 kobratzea.
Aldarrikapen hauek eta beste batzuk defendatzeko, lan-baldintzak hobetzeko eta prekarietatearekin amaitzeko ELAk kontzentrazioak eta mobilizazioak egingo ditu Correosen. Sindikatua ez da geldituko enpresa langileen aldarrikapenak islatuko dituen hitzarmen berri bat negoziatzera esertzen den arte.