nafarroako enpresa publikoak

ELAk, CPENekin edukia ezagutu aurretik akordioa onartzera behartzen duen mahai batean negoziatzea errefusatu du

2025/01/30
ELAk, Nafarroako Gobernuko enpresa publikoen sektorean ordezkaritza izanik, uko egin dio LAB, Lankide, UGT eta CCOO sindikatuek sektorerako akordioa negoziatzeko ireki berri duten negoziazio mahaian parte hartzeko gonbidapenari. ELAk kritikatu du negoziazio mahai horretan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa dela akordioaren edukia onartzea hura ezagutu aurretik, eta hori onartezina dela.

ELAk Nafarroako Gobernuko enpresa publikoentzako hitzarmen kolektibo propio baten beharra aldarrikatzen du aspalditik, beste sektore batzuetan dagoenaren antzekoa. ELAk adierazi du prest dagoela akordio bat negoziatzeko, baldin eta akordio horrek benetako hobekuntzak badakartza langileentzat, eta akordio hori negoziatzeko gaitasuna mugatzen duten aurretiazko baldintzarik gabe iristen bada.

Baino LABek, Lankidek, UGTk eta CCOOk aurkeztutako gonbidapen idazki formalak klausula bat jasotzen du, eta horrek eskatzen du negoziazioaren azken emaitza eta akordio horren indar loteslea eraginpeko enpresa guztientzat onartzeko konpromisoa. ELAk ez du eskakizun hori onartu, akordioaren azken edukia ezagutu aurretik horrelako konpromisoa onartzea arduragabea izango litzatekeelako eta inplikatutako enpresetako langileen legezko ordezkaritza konprometituko lukeelako.

ELAk azpimarratu duenez, sektoreko lan-baldintzak hobetzea helburu duen arren, ez du konpromisorik hartuko oraindik ezezaguna den akordio bat onartzea ahalbidetuko duen dokumentu bat sinatzeko. Akordio horrek, adibidez, neurri kaltegarriak har ditzake, hala nola soldata-eskala bikoitza, ELAk zorrotz errefusatuko lukeena.