PALESTINA
ELAk dei egin du martxoaren 22an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera

Gernika-Palestina herri plataformak manifestazio nazionala deitu du larunbaterako Donostian, Israelek su etena hautsi ostean Palestinako herriaren aurkako erasoak direla eta.
Su etenetik bi hilabete eskas igaro direnean, Israelek, Estatu Batuen babesarekin eta nazioarteko komunitatearen isiltasunarekin, Gazari eraso egin dio berriro, eta 400 heriotza baino gehiago eragin ditu.
ELA berriro mobilizatuko da larunbat honetan behin-betiko su etena eskatzeko. “Israelgo Estatu genozidak berriro erakutsi duen krudelkeriaren aurrean, Euskal Herritik palestinarren alde egin behar dugu, eta nazioarteko komunitateari eta erakundeei eskatu behar diegu moztu ditzatela harreman komertzial, ekonomiko eta politiko oro Israelgo Estatuarekin”, dio sindikatuak.