ELAk dei egiten du maiatzaren 11ean “Euskal Herriak bakea behar duelako, gu konponbidearen alde” lemapean izango diren bilkuretan parte hartzera
Gizartearen gehiengoak duen iritziaren aurka, eta antzeko arazoak pairatu izan dituzten estatuetan ez bezala, gobernuek ez diote heldu nahi gatazka armatuaren amaiera ordenatu bati.
Urgentea da Espainiako eta Frantziako gobernuek –Aieteko Adierazpenak bigarren puntuan dioen legez– “soilik gatazka armatuaren ondorioez aritzeko elkarrizketak” hastea. ELAk exijitzen du erabateko lehentasuna eman diezaiotela elkarrizketa eta negoziazioari, honako puntuak erabakitzeko: desarmea nola gauzatu, preso eta exiliatuen egoera bideratzea, baita biktima guztiei justizia, egia eta ordaina eskaintzea ere, urratsok guztiok beharrezko baitira normalizazio politikorako.
ELAk salatu egin behar du estatuaren immobilismoa onartu ezineko kalkulu politiko baten ondorio dela. Batetik, mendekua aldarrikatzen duten eskuin muturreko sektore politiko eta mediatikoak asetu nahi ditu; bere asmoa da azken hamarkadetako historiaren errelatoan alde baten bortizkeria bakarrik gogoratzea; gainera, gure herriko esparru politiko handi bati galarazi egin nahi dio ekintza politikoa askatasunez eta normaltasunez garatzeko aukera. Hots, estrategia honekin jarraipena ematen zaio PPk eta PSOEk 2001. urtean itun antiterrorista zelako harekin hasitako agenda antidemokratikoari, ETAk bortizkeriarik erabiltzen ez badu ere.
Horregatik, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzaren jarrera okerra dela, izan ere, normalizazio politikoa Rajoyrekiko harreman “diskretu” baten baitan lortu nahi baitu; haatik, espainiar gobernuburuak argi asko adierazi du norabide horretan ez duela urratsik egiteko intentziorik. PPren gobernuak publikoki behin eta berriz baztertzen du Aieteko adierazpenean jasotako konponbidearekiko edozein erreferentzia; adierazpen hau, esan dezagun, gure herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozial handiak babestu zuen, EAJk eta PSOEk barne.
Azkenik, ELAk nabarmendu nahi du adierazpen horrek berak gomendatzen duena: “eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako”. Gure irudiko, bideak urratu behar dira Euskal Herrian estatuaren politikari aurre egiteko, edota Rajoyren immobilismoak gai honen inguruko gure agenda erabat baldintza ez dezan.