ELAk dei egiten die gainerako sindikatuei astebeteko mobilizazio eta greba egitera, ekainean, EAEko metalgintzan

2013/05/23
ELAk dei egiten die gainerako sindikatuei astebeteko mobilizazio eta greba egitera, ekainean, EAEko metalgintzan
ELA lanean ari da erreforma enpresetan sar ez dadin. Erreforma ezarri zenetik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzaren 60tik gora enpresek sinatu dituzte beren hitzarmenak lehenengo aldiz.

ELAren ustez erabateko erantzuna eman behar da, hitzarmen askoren aurrera-eragina uztailaren 7an amaituko da-eta. PPren 2012ko otsailaren lan-erreformak esku-eskura jarri zion patronalari negoziazio kolektiboa suntsitzeko tresna egokiak. Horrela, bide batez, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak apalduko ziren. Erreformak ekarri zituen aldaketen artean hauxe dago: sektore-hitzarmenak ez ziren gehiago izango gutxieneko maila bat sektoreko enpresetarako, eta enpresa-hitzarmenak lehentasunezkoak izatera aldatu ziren (Langileen Estatutuaren 84.2 art.). Hori gutxi balitz bezala, estatuko hitzarmena nagusitu da probintzia-hitzarmenen gainetik; eta horretaz baliatu dira patronala eta CCOO/UGT sindikatuak, probintzia-hitzarmenak edukiz hutsik uzteko.

Aurrera-eragina mugatzeak bi helburu ditu: Lorpen sozial asko deuseztatzea, eta sindikatuei xantaia egitea —hitzarmenen amaieraren beldurrez eduki ziztrinak sinarazteko—. Horren alde agertu dira CONFEBASK eta patronal guztiak. Aurrera-eragina arma bat da patronalaren eskuetan, soldatak eta lan-baldintzak apaltzea gu onartzera behartzeko.

Erreformaren helburuak oso argiak dira ELArentzat:

- Soldatak jaistea eta lan-baldintzak nabarmen lorrintzea. Lan-baldintzak zaintzeko modurik onena, zalantzarik gabe, blindatzea da, hau da, enpresa-hitzarmenetan erreformaren aurkako klausulak sartzea.

- Erreformak eragozten dio sektoreari gutxieneko eta nahitaez bete beharreko edukirik ezarri ahal izatea. Sindikatuek hori ezkutatzea langileei arduragabekeria larria iruditzen zaigu. Orain arte ezagutu duguna goitik behera aldatu dute. Sektorea erreferentzia soila izatera alboratu da, eta aplikagarritasuna enpresariaren esku geratu, non eta edukiak ez diren berretsi enpresa-hitzarmen bidez.

- Hitzarmen kolektiboaren funtsezko edukiak (soldatak, lanaldia...) enpresa-mailara eraman ditu erreformak asmo batez: sindikatuak enpresetan ahulak direnez, patronalak alde bakarretik ezarri ahal izango ditu lan-baldintzak. Enpresetan antolamendu sindikala badago, askoz nekezago lortu ahal izango dute soldatak jaistea.

- Erreformak lanaldiaren %10eko malgutasuna uzten du, besterik itundu ezean.

ELA jabetu da langabezia ugariaren presioaz, alegia, negoziazio kolektiboan eta soldatetan eragiten duen presioaz. Patronalak onura atera nahi dio horri, eta “negoziazio kolektiboa aberastasuna banatzeko tresna dela" esatera ere heldu da. Hala ere, aspertu arte errepikatu behar dugu lotura handia dagoela soldaten eta enplegu-mailaren artean. Soldatak behera botatzen badituzte, langabezia ugalduko da. Enpresa bakar bat ere ez da itxi soldatengatik. Era berean, ez dago arrazoirik soldaten eroste-ahalmenari ez eusteko, enpresarien interesak ez badira. Soldatak, lanaldiak eta enplegua eskutik doaz.

ELA lanean ari da erreforma enpresetan sar ez dadin. Erreforma ezarri zenetik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzaren 60tik gora enpresek sinatu dituzte beren hitzarmenak lehenengo aldiz. Tamaina guztietako enpresak dira, eta kopurua goraka doa astetik astera. ELAk oso ondo balioesten du lan hori, argiro erakusten baitigu erreformari nola aurre egin, eta lan sindikalaren oraina eta geroa zelakoa izan behar den.

ELAren iritziz lan hori areagotu behar dugu uztailaren 7an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahalik eta enpresa gehienek beren hitzarmena, nahitaez bete beharrekoa, izan dezaten. Erreformak ezarritako aldaketak direla-eta, enpresa-mailako negoziazioaren esparruak autonomia izan behar du sektoreen esparruarekiko, gure ustez. Arrazoiak garbi daude: sektoreek balioa galdu dute, erreforma dela-eta; eta gainera, oso baldintzaturik daude, patronalak sektoreetan duen kontrola dela-eta.

Horregatik, ELAk proposatzen die sindikatuei:

- Astebeteko mobilizazio, sentsibilizazio eta grebara deitzea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzan, ekainaren 17tik 21era arte.

- Astebeteko deialdi horren jasotzaileak aipaturiko herrialdeetako enpresak dira, baldin eta negoziazioetan badabiltza, eta nahitaez bete beharreko gutxieneko edukiak adosturik ez badituzte.

- Grebaren aurreko garaian edo greban zehar akordioak ixten dituztenak deialditik kanpo geratuko dira.

- Aurrera-eragina galtzeari errentagarritasuna ateratzearren ADEGIk, SEAk eta CEBECek sektoreetan egiten duten blokeoaren aurrean, mobilizazioaren proposamenak blokeoa hautsiko luke, ELAren iritziz, eta eragina izango luke, halaber, patronalaren jarreran sektoreetan beretan. Enpresak, autonomia osoaz, negoziazio kolektiboari irekitzea da, gure ustez, biderik egokiena sektoreko erreferentziak ahalik eta altuenak izan daitezen, erreformak baliogutxitu baditu ere.

ELAk aste honetan azalduko du lantokietan antolakuntzaren beharrizana, lan-erreformari ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko asmoz.

ELAk dei egiten die gainerako sindikatuei, bereziki LABi, elkarlanean aritzeko, metalgileen negoziazio kolektiboa zaintze aldera.