ELAK dei egiten die MCCko zuzendaritzari eta erakunde publikoei Grumal eta Edesa inguruko ardura aintzat har dezaten
Joan den azaroaren 29an Fagor Etxetresnak taldeak jakinarazi zigun konkurtsoan sartu zela eta, harekin batera, baita Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal lantegiak ere.
Enpresa bakoitzak oso errealitate desberdina du, izan ere:
Goian aipatutako iragarpena egin zutenetik birritan baino ez dugu aukera izan Fagor Etxetresnak taldeko arduradunen batekin biltzeko, eta gauza bakarra utzi digute argi: besteren kontura diharduten langileekin (hots, soldatapekoekin) jarraitzeko asmorik ez dute. Mondragón Corporación Cooperativa nahiz Fagor Taldea ez dira agertu ere egin prozesu honetan, administrazio konkurtsalak kudeatu behar duelako aitzakiaz.
Administrazio konkurtsalak ere behin eta berriz esan digu Taldeak ez zuela Edesa eta Grumaleko besteren kontura diharduen plantillarekin jarraitu nahi (Grumali dagokionez, langileen %100). Areago, hasieratik esan izan digute hiru enpresek kontratuak amaitzeko EEE bat sartuko zutela bazkide ez ziren langile guztientzat, baita hala gertatu ere.
Bestalde, jakin dugu Edesa lantegirako bazkide batzuk bideragarritasun planak egin dituztela, erakunde publikoek eman lezaketen abalen batekin. Albiste honen berri prentsaren bidez izan dugu; honek agerian uzten du Edesako bazkideek eta erakunde publikoek ere ez dutela ardurarik hartu nahi besteren konturako ari diren langileekiko.
ELAk salatu egin behar du Fagor Etxetresnak eta MCCren jarrera, aurrekonkurtsoaren lehen unetik amaieraino; multinazionalik gogorrenak ere ez die tratu hain txarra eman langileei eta hauen ordezkariei: komunikazio eza, bilerak egin ezina, erantzunik ez gure galderei, besteren konturako langileekiko erabateko mespretxua, irtenbideak bilatzeko borondaterik ez, etab.
Babesik gabeko egoera latz honetan daude Grumal eta Edesa lantegietako bazkide ez diren langileak; enpresa batek ere ez du ardura bere gain hartzen; ez dago bilerarik egiteko aukerarik, eta erakundeek ere ez dute laguntzarik ematen. Hain zuzen, erakundeei ohartarazi behar diegu Fagor Etxetresnak edo MCCk jaso dezakeen diru publikoa medio konplize bilakatuko lirateke Fagor Etxetresnak, Grumal eta Edesako bazkide ez diren langileen kaleratzeetan.
Azkenik, azken deialdi bat egin nahi diogu MCCko zuzendaritzari eta erakunde publikoei beren ardura aintzat har dezaten eta irtenbide bat bilatzen saiatu, besteren konturako langileei Fagor Etxetresnak-eko bazkideen antzeko tratua emate aldera; justizia kontu bat da.