ELAk dei egiten du euskal presoen hurbiltzea eskatzeko antolatu den ekitaldian parte hartzera
ELArentzat lotsagarria da, eta eskandalu politikoa, espainiar eta frantses estatuek hamarraldi luzetan beren legea urratzea, sakabanatze politikarekin, eta Estrasburgoko Giza-Eskubideen Auztiegiak emandako doktrinari entzungor egitea. Estatu hauentzat presoak ez dira pertsonak, eskubideak zor zaizkien subjektuak, bahituak baizik, hainbat helbururekin: beren familiei etsiaraztea, euretako gehienek militatzen duten mugimendu soziopolitikoa erretzea eta gure herrian sor daitezkeen bestelako dinamika politikoak eragoztea.
Hain zuzen, ELAk salatu egin behar du espainiar gobernuak EAEn duen ordezkaria, honek ekitaldiaren kontra jo baitu auzitegietan, bere hitzetan “biktimentzako umiliazio edo mespretxua adieraz dezakeelako”.
ELAk galdatzen du ez ditzatela gehiago erabili biktimak eta hauen memoria giza-eskubideak urratzea zuritzeko. Delegatuaren hitz eta mehatxuek xede bakarra dute, ehundaka euskal herritarrek pairatzen duten eskubide urratzea eta beren familia eta adiskideek jasaten duten sufrimendua ezkutatzen saiatzea. Areago, Urquijok espetxeen eskumena transferitzeko aukera -Autonomia Estatutuan jasota dagoena- baldintzapean jarri du: euskal alderdiek eta jendarte antolatuak bere egin behar omen dituzte espainiar gobernuak gai honetan duen doktrina eta erabakitzen dituen politikak