ELAk dei egiten du Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 21erako antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera

2015/06/09
ELAk dei egiten du Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 21erako antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera
ELAk bere babesa erakutsi nahi die ekainaren 21ean erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatu eta eskubide hori egikaritzeko dugun borondatea azaldu asmoz Gure Esku Dagok antolatu dituen ekitaldiei.

ELAk txalotu egin nahi du mugimendu hau egiten ari den lana; mobilizazio handiekin batera –giza-kate gisan egindakoak edo duela hilabete batzuk Zurriolan egindakoa–, borondate berri eta pluralak biltzea lortzen ari da, auzoz auzo eta herriz herri.

Horregatik, ELAk dei egiten dio bere militantziari eta sindikatuko afiliazio guztiari datorren ekainaren 21eko ekitaldietan parte hartzera; bertan Euskal Herriko hiriburuetan hilabete hauetan zehar josten joan diren oihalkiekin hautetsontzi erraldoiak josiko dira. Oso erraza den gauza bat adierazteko modu polita izango da: normalena jendea kontsultatua izatea eta eragiten dion guztiaren inguruan erabaki ahal izatea da.