ELAk dei egiten du urriaren 19an ospatuko diren manifestazioetan parte hartzera

2013/09/30
ELAk iragarri zuen benetako helburua agerian geratu da, hots, pentsio berriak txikiagoak izatea eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko betebehar legala kentzea. Egoera honen aurrean, Euskal Herriko pentsiodun guztiei osagarri bat bermatu behar zaie, hartutako erabakiek eragindako diru-sarrera galeraren adinekoa.

Pentsioen erreformaren inguruko prentsaurrekoa eman du gaur goizean ELAk Donostian. Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna eta Janire Landaluze, ikerketa bulegoko kideak hartu dute parte bertan.

Muñozek gogoratu du ELAk pentsio-erreformen aurkako mobilizazioak egin izan dituela; aldarrikapen hauek, esaterako, 2011ko eta joan den maiatzaren 30eko greba orokorretan plazaratu ditu. "Gizartearen mobilizazioa da politikak aldarazteko bidea, eta horri jarraituko diogu. Horregatik, azken urteetan elkarrekin lanean dihardugun eragile sozial eta sindikal ezberdinek urriaren 19an ospatuko dugun manifestaldietan parte hartzeko dei luzatzen dugu".

Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeek berma diezaietela pentsiodunei eta etorkizunean pentsio bat jasoko dutenei diru-sarrerak ez zaizkiela murriztuko, eskatu du.. Horretarako, pentsiodun guztiei osagarri bat bermatu behar zaie, hartutako erabakiek eragindako diru-sarrera galeraren adinekoa.