ELAk deitoratu du Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk sinatutako pentsioen akordioa, murrizketa gehiago ekarriko dituelako

2021/11/16
ELAk ohartarazi duenez, Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivak eta CCOO eta UGTk atzo, azaroak 15, izapidetzen ari den pentsioen erreforman Iraunkortasun faktorearen ordez Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa arautzeko lortutako akordioak pentsioen murrizketa gehiago ekarriko ditu. Izan ere, akordioak jasotzen du Espainiako Gobernuak 2033tik aurrera pentsioen gastuaren ehunekoa murrizteko neurriak planteatuko dituela. “Beste era batera esanda, pentsioak murrizteko konpromisoa hartu du”, dio irmo ELAk. Gainera, gogorarazi du sindikatu horiek Zapaterorekin 2011ko erreforman adostutako jasangarritasun-faktoreak pentsioen murrizketa planteatzen zuela bizi-itxaropena handitzen bazen. Hori dela eta, euskal alderdi politikoei exijitu die ez dezatela beren botoekin neurri horietako bakar bat ere onartu, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformak indargabetu ditzatela eta hilean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezar dezatela.

Sindikatuak salatu du informazio-manipulazioa nabaria gertatzen ari dela Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoaren gaineko eztabaidan. Izan ere, lehen osagaia baino ez baita azpimarratzen, hau da, gizarte-kotizazioak 0,6 puntuan handituko direla. Bere ustez, ordea, igoera hori ez da nahikoa izango pentsioen sistema publikoaren egiturazko egoera aldatzeko. ELAren iritziz, pentsioak kotizazioekin soilik lotzeko apustu horrek murrizketen logika onartzea dakar. Gauzak horrela, Toledoko Ituna eta horrekin batera doan Elkarrizketa Soziala arautzen dituen logika hori haustea exijitu du sindikatuak. Pentsio publikoen hobekuntza nabarmenarekin ordezkatzea eskatzen du eta sistema zergekin ere modu garrantzitsuan finantzatzea, ez bakarrik kotizazioekin.

Era berean, gogorarazi du Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa pentsioen erreformaren zati bat baino ez dela -Kongresuan izapidetzen ari dena erretiro aurreratuetan murrizketak txertatzen dituen lege-proiektu baten bidez-, eta ez duela benetan bermatzen erosteko ahalmena. “Argi ikusten da hori 2022rako aurrekontu orokorretan; izan ere, pentsioen errebalorizazioan 3 puntuko galera planteatzen ari dira”, kexu da sindikatua. Gainera, 2022rako pentsioen erreforma berri bat iragarri dute, eta Bruselarekin hainbat murrizketa egiteko konpromisoa hartu dute, hala nola pentsio berrien zenbatekoa murriztea, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua 25 urte baino gehiagora handituz.

Horregatik guztiagatik, ELAk ez du onartzen Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa, ezta epe laburrean eta ertainean planteatzen ari diren gainerako murrizketak ere.