esku-hartze soziala nafarroa

ELAk deitoratu egin du bigarren hitzarmenak hainbat kolektibo bere aplikazio-eremutik kanpo uzten jarraitzea

2025/02/05
Zehazki, aplikazio-eremutik kanpo geratu dira gizarteratzea, kooperazioa eta garapenerako lankidetza edo droga-mendetasunari arreta ematea bezalako kolektiboetako langileak.

Esku-hartze Sozialeko lehen Hitzarmenean gertatu zen bezala, bigarren Hitzarmenaren aurreakordioak gizarteratzea, kooperazioa eta garapenerako lankidetza edo droga-mendetasunari arreta ematea bezalako kolektiboak baztertzen ditu. Ondorioz, eremu horietako langileei ez zaie sektoreko hitzarmena aplikatuko.

Gainera, ELAk uste du ANEIS patronalak LAB eta UGT sindikatuekin sinatutako aurreakordioa ez dela nahikoa; ez du soldatan aurrera egiten, KPItik gorako igoerak bermatzen ez dituelako; antzinatasuna 2021etik jasotzen zen zenbateko berean izoztuta geratzen da, eta lanaldi-murrizketa ez da 2025ean aplikatuko.

Hitzarmenak lanaldi-murrizketa aurreikusten du, eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarria %100ean aitortzen da, baina soldata-baldintzak urrun geratu dira desgaitasun-hitzarmenean aitortuak dauden baldintzekin alderatuta, helburua parekatzea zenean.

ELAk dei egiten die sektoreko langileei lantokietan antolatzen jarraitzeko, hori izango baita haien lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko bermerik onena, eta, bereziki, lehenengo hitzarmenetik aplikazio-eremutik kanpo geratu zirenen kolektiboei.