ELAk deitutako bilkura José Luis Vela Andoaingo zinegotziari elkartasuna adierazteko

2002/07/10

Osteguna, hilak 11, eguerdiko 12etan ELAko Oria-Goierri eskualde baturak bilkura bat deitu zuen Andoaingo Ondarreta kalean, merkatua izan ohi den plaza ondoan, Jose Luis Vela, ELAko ordezkari eta PSE-EEko Andoaingo zinegotziari elkartasuna adierazi eta azken aldian jasan dituen eraso eta mehatxuak salatzearren. Hau da irakurritako testua: Bere ibilbidean zehar ELAk beti hartu izan ditu giza-eskubideak oinarrizko baliotzat, eta azken aldian zoritxarrez sindikatuak sarri agertu behar izan du giza-eskubideak urratu dituzten erasoak salatzeko. ELArentzat euskal gizartearen aniztasunaren defentsa eta onarpena ezinbestekoak dira. Beraz, pertsona, ideia eta proiektu ororekiko errespetua hartu ditu ELAk bultzatzen duen gizarte-eredua eta eraiki nahi duen Euskal Herriaren abiapuntutzat. Bestalde, gizarte anitz honetan ELA elkarrizketa eta distentsioaren alde agertu izan da eta bortizkeriaren nahiz irtenbide politikoei atea ixten dioten errepresio-estrategiaren aurka, hauen emaitza bakarra gatazka gordintzea eta samina besterik ez baita izan. Gaurko bilkura honetan gure sindikatuko kide eta Andoaingo PSE-EEko zinegotzia den Jose Luis Vela jasaten ari den eraso eta mehatxuak salatu nahi ditugu, eta gure kideari sindikatuaren elkartasuna adieraztera bildu gara. Ekintza honekin, halaber, beren ideia edo ardura politikoen ondorioz Euskal Herrian antzeko egoerak jasaten dituzten guztiei elkartasun mezua luzatu nahi diegu. Horregatik, ELAko Oria-Goierri eskualde baturaren izenean Jose Luis Vela, Andoaingo udaleko zinegotzi eta ELAko kidea jasaten ari den eraso eta mehatxuak amai daitezen exigitzen dugu. Egoera mingarri honen aurrean elkartasuna adierazi nahi diogu Jose Luis Vela eta bere familiari. Jose Luis Vela eta gainontzeko ordezkari politikoentzat, beren proiektuak defenditzeko eta bizitza politikoan parte hartzeko duten eskubidea errespeta dadin eskatzen dugu, euren bizi, ondasun edo askatasunaren aurkako mehatxurik gabe.