EHUNGINTZA MERKATARITZA

ELAk deitutako grebak jarraipen zabala izan du

2023/10/30
ELAk Madrilgo mahai sektorialean eskatu du Euskal Herriko dendak sektoreko enpresa handiek inposatu nahi duten Estatuko hitzarmenetik kanpo geratzea

ELAk gaur, urriak 30, ehungintzaren eta oinetakoen sektoreetan deitutako greba-egunak jarraipen zabala izan du oro har (deialdia Hego Euskal Herrikoa da). Jakina denez, sektoreko enpresa nagusiek (Inditex, H & M, Mango eta Sprinter, besteak beste) patronal berri bat sortu dute, ARTE izenekoa. Patronal horrek negoziazioak hasi ditu sektore osoko lan-baldintzak estatu mailan arautuko dituen lehen hitzarmena ezartzeko. Hitzarmen honekin Estatu osoan lan-baldintzak inposatu nahi dituzte, Euskal Herrian izandako borrokari eta erakunde sindikalari esker lortutako baldintzak arriskuan jarriz.
Horregatik, ELAk bigarren greba eguna deitu du. Grebaren jarraipena oso zabala izan da, batez ere kate nagusietan, grebaren ondorioz denda ugari itxi baitira, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan. Gipuzkoan pertsiana jaitsi dira: Zara Urbil, Stradivariusen denda guztiak, H & M, Pepe Jeans Urbil, Desigual, Jack & Jones Garbera, Tezenis (Garbera eta Urbil), Intimmisimi (Garbera), Woman Secret (Irun eta Errenteria), Parfois (Donostia, Urbil eta Garbera), besteak beste.
Nafarroan ere jarraipen zabala izan du greba honek. Tendam taldeko ia denda guztiak itxi dira, Iruñeko erdialdekoak zein merkataritza-guneetakoak. Itaroan Springfield, Woman Secret eta Merkacalzado itxi dira. Morean Springfield, Woman Secret, Cortefiel, Tezenis, Jack & Jones, Ulanka eta Zara (zenbait unetan) itxi dira.
- Iruñeko erdialdean Springfield, Woman Secret, Cortefiel, Tezenis, Donde Siempre, MerkaCalzado, Parfois, Ulanka eta Adolfo Dominguez (bi hauek une batzuetan) itxi dira. Gainera, H & M, Koroshi, Tezenis, Jack & Jones eta Merkacalzado ere itxi dira.
Bizkaian eta Araban Décimas, Pull and Bear, Tezenis, Intimissimi, Parfois, Pepe Jeans, New York, Desigual, Bóboli eta Fiftyren dendak itxi dira, besteak beste.
Gaur Madrilen ARTE patronalarekin egindako bileran, ELAk Hego Euskal Herriko lantokiak Estatuko hitzarmen horretatik kanpo geratzea eta lan-baldintzak lurralde bakoitzean negoziatzen jarraitzea eskatu du. Hala ez bada, ELAk mobilizazioak indartuko ditu eta greba egun gehiago egingo ditu.