ELAk Derioko lantegia erabat geldiarazi du greba mugagabearen lehen egunean
Divipako langile gehienek ELAk deitutako greba mugagabearen lehen egunarekin egin dute bat astelehen honetan, Fedrigoni multinazionalak Derioko lantegia ixteko eta ekoizpena Gironara lekualdatzeko duen planaren aurka eta 56 lanpostuei eta Derioko industria-jardueraren jarraipenari eusteko helburuarekin. Grebaren ondorioz, material autoitsaskorrak garatzen, ekoizten eta banatzen dituen fabrikaren jarduera erabat geldiarazita dago. Divipak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du udalerrian.
ELAk salatu du Fedrigonik aurkeztutako espedienteak irregulartasunak, kontraesanak eta balizko ez-betetzeak dituela, besteak beste Bizkaiko Arte Grafikoen Hitzarmenean jasotako bermeei dagokienez. Sindikatuak zalantzan jarri du, halaber, lantegia ixteko erabakia noiz hartu zen, ekoizpena Gironara eramatea ahalbidetuko lukeen inbertsioa egungo prozedura hasi aurretik erabaki zelako.
Grebaren lehen egunean, langileen ordezkariek Derioko alkatearekin bilera egin dute, itxierak udalerrian eta Txorierrian izango lukeen eraginaz hitz egiteko.
ELAk instituzioen, Industria arduradunen eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatu du, deslokalizazioa eragozteko eta enplegua babesteko. Grebak aurrera jarraituko du Fedrigonik Derioko lantegia ixteko asmoari eusten jarraitzen dion bitartean.