BIZKAIKO METALA

ELAk dio patronalak plataforma sindikalei emandako erantzuna onartezina dela

ELAk dio patronalak plataforma sindikalei emandako erantzuna onartezina dela
FVEMk, lizentzietan, kontziliazioan edo berdintasun planetan proposatutako edozein hobekuntza baztertzeaz gain, malgutasun orduak handitu nahi ditu eta soldatei dagokionez planteametu eskasa egin du.

Gaur, otsailak 16, Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren Negoziazio Batzordearen hirugarren bilera egin da. Bertan, FVEM patronalak aurreko bileran aurkeztutako plataforma sindikal desberdinei erantzun die.

ELAren ustez, FVEMen erantzuna onartezina izan da, ez baita sakonean sartu sindikatuek egindako aldarrikapenetan. Planteatzen diren aldarrikapen askotan, lizentziei, kontziliazioari eta Berdintasun Planei dagokienez, FVEMek Estatuko legedian “nahikoa” hobetu dela planteatu du, eta ez dute beharrezkotzat jotzen hobekuntzak egitea. Gainera, bere proposamenean artikulo erregresiboak proposatzen ditu, hala nola malgutasun orduak gehitzea (100 ordutik 200 ordura pasatuz).Soldata igoeretan ez dute KPIa bermatzen egindako proposamenean, eta gainera, dagoen gutxieneko bermea okertzen dutenak.

Ez da harritzekoa izan patronalaren jarrera, sektorean “ustezko egoera negatiboa” argudiatu baitu 2026rako. Negoziazio guztietan egiten duen gauza bat da hau, baina datuek kontrakoa frogatzen dute. FVEM patronalak berak, joan den urtarrilaren 27an argitaratutako Koiunturari buruzko txostenean hau seinalatzen zuen: “Bizkaiko metalgintzak 55.961 afiliaturekin itxi zuen 2025a, azken hamarkadako erregistrorik onena, 1.138 lanpostu berri sortu ondoren. 2026. urteari begira, FVEMek sektorean enplegua sortzea aurreikusten du. Adierazi zuten, halaber, sektoreko enpresa gehienek fakturazioaren igoerarekin eta irabaziekin itxi zutela 2025eko ekitaldia.

ELAn argi dugu Bizkaiko metalgintzan sektoreak sortzen duen aberastasuna modu justuagoan banatuko duen hitzarmen bat defendituko dugula, prekarietatearekin amaitzeko neurriak jasoko dituena, lanaldia murriztuko duena eta sektoreko emakumeok pairatzen ditugun genero-bereizkeriak ezabatuko dituena. Hori dela eta, ELAk FVEMi exijitu dio bere proposamena erretiratu dezala eta benetako negoziazio bat hastea ahalbidetuko duen beste bat landu dezala.

Hurrengo bilera martxoaren 12an izango da.