ELAk EAEko egoitzen eta foru-aldundien aurkako bost salaketa berri aurkeztu ditu, langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik

2020/04/16
Gipuzkoan egindako hiru eskaeren ondoren, ELAk bost salaketa berri aurkeztu ditu EAEko eta hiru foru aldundietako beste hainbeste egoitzen aurka, euren langileen osasunerako eta bizitzeko eskubide urraketa medio. Eskatutako hiru egoitza Bizkaian daude: Ermuako Abeletxe egoitza; Barakaldoko Miranda Fundazioa; eta Arrigorriagako Arandia Egoitza. Beste bat, Araban: Ariznavarra, Gasteizkoa. Eta azkena, Gipuzkoan: Altzako (Donostia) Berra egoitza.

Vitalitas-Vialia enpresak kudeatzen duen Abeletxe egoitzan 18 egoiliar hil dira, eta ia 30 langilek eman dute positibo Covid-19an. Neurriak eta protokoloak ez dira betetzen ari, eta ez dago behar besteko plantillarik. 

Arrigorriagako Arandia egoitzan, Domus vi taldean, 9 egoiliar hil dira; protokoloak ez dira betetzen, eta gaur egun, ez dago norbera babesteko ekipamendurik (EPIrik).

 Barakaldoko Fundación Miranda egoitzan 12 egoiliar hil dira, ez dira protokoloak bete, langile falta dago eta langileek ez dituzte oraindik EPISak jaso. 

 Araban, ELAk salaketa aurkeztu du Ariznavarra egoitzaren aurka, Domus vi enpresarena eta Foru Aldundiarena. Osasun-krisia hasi zenetik etengabea izan da zentro horretan norbera babesteko ekipamendurik ez izatea. Azken adibide kezkagarria, Osakidetzak 2009tik iraungitako maskarak ematea. 32 langile bajan daude, eta egoiliarren % 35ek baino gehiagok positibo eman du. Gaur egun 10 dira COVID-19k hildakoak. Eskari horretaz gain, ELAk hiru salaketa aurkeztu ditu ikuskaritzan, Juan Pablo, Elorri eta Zelaizabal egoitzetan lan osasunaren arloko ez-betetze larriak egiteagatik.

Gipuzkoan, berriz, domus vi taldeko Altzako (Donostia) Berra egoitzan 25 lagun hil dira martxoaren 20tik. Gainera, 38 langile bajan daude positibo eman dutelako, eta beste 28 egoiliar kutsatuta daude. Sintomak dituzten egoiliarrei bakarrik egin zaie testa.

Eskaera horietan guztietan, ELAk oso kautelazko neurriak eskatuko ditu zuzendaritzek berehala eman diezaieten norbera babesteko ekipamendu homologatua langile guztiei, falta diren testak egin eta ezarritako gida zein protokoloak martxan jartzeko. Erabiltzaileak behar bezala sailkatzea ere eskatu da, langileei prestakuntza ematea eta kontingentzia-plan bat abian jartzea, besteak beste, jarduerarekin jarraitzeko planak eta langileak kontratatzeko planak eginez. Era berean, langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko, zerbitzua kudeatzen duten enpresei isuna jartzeko ere eskatuko du ELAk. 

Zaharren egoitzak COVID-19a hedatzeko arrisku handieneko fokua zirela jakinda, hilabete da ELAk ,hiru aldundiei, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari, lankidetzan aritzeko prest zegoela adierazten zuen idatzi bat bidali zien. Egoitzetan zeuden gabeziak azaltzen ziren gutunean, bai langileei bai egoiliarrei testak egiteko beharra azpimarratu, norbera babesteko ekipamenduak langile guztien eskura uztea eskatu bai eta protokoloak osorik betetzea. 

Hilabeteren ondoren, neurri horien atzerapenak eta ez-betetzeak ondorio bereziki larriak utzi ditu gure herrialdeko egoitzetan.

Gipuzkoan, COVID-19k eragindako 161 hildakoetatik 117 egoitzetan izan dira, eta 314 erabiltzailek eman dute positibo. Araban, 274 hildakoetatik 118 egoitzetan hil dira eta 375 egoiliarrek positibo eman dute. Nafarroan, heriotzen erdiak baino gehiago egoitzetan eman dira, eta Bizkaian, aldundiak datuak emateari uko egin izanak, ezinezko egiten du gertatzen ari dena zehatz-mehatz jakitea.