ELAk EAJ eta PSEri oroitarazten die erreforma fiskala errenta handietan zergak handitu eta enpresen irabazien gaineko zerga %25ean kokatu behar duela

2023/01/31
ELAk denbora luzea darama enpresen mozkinengatik, aberastasunagatik eta errenta handiengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handituko dituen fiskalitatearen premiazko erreforma eskatzen.

EAJk eta PSOEk iragarri dute elkarrizketetan “hasiko” direla “zerga erreforma progresiboa” adosteko. Horren aurrean, ELAk gogorarazi nahi du erakundeek entzungor egin diela urteetan sindikatuak zerga arloan egindako etengabeko interpelazioei.

Azken urteetako datuek adierazten dute kapital errenten bilketak behera egin duela etengabe. Horren arrazoia da soldataz kanpoko errentetan iruzur fiskala dagoela, eta errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergak murriztu egin direla azken hamarkadetan onartutako erreformetan. Esaterako, adierazgarria da honako datua: sozietate zergari dagokionez, 2007an 2.034 milio jasotzetik 2021ean 1.155 milioi jasotzera igaro ziren EAEn. Erdia, alegia.

Gaur egungo testuinguruan, non enpresak mozkin errekorrak lortzen ari diren eta langile klasea pobretze ari den, inoiz baino beharrezkoagoa da fiskalitatearen gaiari heltzea aberastasuna modu justuan banatzeko. Hori dela eta, ELAk sozietateen gaineko zergaren gutxieneko % 25eko tasa efektiboa eskatzen du, errenta handientzako zerga tasen handitzea eta tarteen igoera PFEZean, bai eta tarifaren dualtasuna ezabatzea ere, besteak beste.