lanaldi murrizketa

ELAk EAJri eta EH-Bilduri eskatzen die Hego Euskal Herrian erabakitzearen alde bozka dezatela

2025/02/05
ELAren ustez lanaldi murrizketari buruzko eztabaida hauspotzea ona da, baina neurri horrek estatuan baino asko eragin mugatuagoa izango du Hego Euskal Herriko langileengan. Lanaldi murrizketari buruzko eztabaida Kongresuan ematen denean, neurri honen aldeko botoa emateko Langileen Estatutuak EAEko eta Nafarroako instituzioei lanaldia arautzeko eskuduntza jaso dezala eskatzen die ELAk EAJri eta EH-Bilduri.

Espainiako Gobernuak asteko lanaldia 40 ordutik 37,5 ordutara murrizteko lege proiektua onartu du. ELAren iritziz, berri ona da lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaida gizarteratzea eta Kongresuan horri buruzko eztabaida probokatzea, Espainiako Kongresuan neurri hau aurrera eramateko beharrezkoak diren gehiengoak bermaturik ez dauden arren.

Hori esanik, Hego Euskal Herriko langileengan neurri honek eragin mugatua izango du. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera EAEn sinatutako hitzarmena duen langileen %36,35i bakarrik eragingo dio neurri honek. Kontuan izan behar dugu, gainera, EAEn sinatzen diren hitzarmenen bataz-besteko urteko lanaldia 1685 ordutakoa dela (asteko 37,5 orduak urteko 1710 orduen pare da gutxi gora-behera) eta, ondorioz, 1710 lanordutatik gora duten sektore askotan lanaldi murrizketak egongo diren arren, hauek estatukoak baino askoz txikiagoak izango direla.

Era berean, eta Lan Harremanen datuekin jarraiki, Estatuko hitzarmenen kasuan neurri honek eragin handiagoa izango du. Estatuko lan hitzarmenak dituzten EAEko langileen %64,41ek du aipatutako lanaldia baino luzeagoa eta bataz beste urtean 1745 lanordu egitera behartuak daude. Nafarroako datu zehatzik ez dago, baina antzeko joera dago bertan ere.

Hego Euskal Herrian lanaldiaren murrizketak askoz eragin mugatuagoa izango luke beste lurralde batzuetan baino. Esandakoarengatik, ELAren iritziz EAJk eta EH-Bilduk lanaldi murrizketari buruzko legezko izapidetzea probestu beharko lukete Hego Euskal Herrian lanaldia ezartzeko araudia erabaki dezagun, modu horretan soilik izango baita posible euskal langileek duten beharraren araberako lanaldia ezartzea legez.

Trantsizio ekosoziala gauzatzeko elementu nagusietako bat mundu mailako produkzio maila murriztea izango da. Murrizte hau, langile klasearen eskubide eta interesak defendatuz gerta daiteke edo planetaren muga biofisikoek eraginda langileok zapalduz. Beraz, enplegu suntsiketa orokorrik ekartzerik nahi ez badugu, ezinbestean lanaldi murrizketa erradikalak behar ditugu. Horrez gain, lanaldi murrizketa da gizarte guztiak zaintza beharrei lehentasuna emateko modu bakarra, soldatapeko lanetik askatuta soilik izango baitugu denbora kolektiboki zaintza lanak ere antolatzeko. Esandakoarengatik, Euskal Herrian lanaldia arautu ahal izatea funtsezko elementua da.