LANALDIA
ELAk EAJri eta EH Bilduri eskatzen die lanaldi murrizketa Hego Euskal Herrian erabakitzearen alde bozka dezatela

Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk publiko egin dute asteko lanaldia 40 ordutik 37,5 ordutara murrizteko legezko izapidetzea hastea adostu dute. Neurri hau Elkarrizketa Sozialaren bidez adostu nahi izanak neurria atzeratu egin du eta edukiak lausotu ditu.
ELAren iritziz, berri ona da lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaida gizarteratzea eta Kongresuan horri buruzko eztabaida piztea, Espainiako Kongresuan neurri hau aurrera eramateko beharrezkoak diren gehiengoak bermaturik ez dauden arren.
Hori esanik, Hego Euskal Herriko langileengan neurri honek eragin mugatua izango du, merkataritza edo ostalaritza moduko sektoreez gain, 37,5 lanordutatik gorako asteko lanaldiak estatuan sinatutako hitzarmenetan adosten dira. Esaterako, Lan Harremanen Kontseiluaren arabera EAEn eragina duten hitzarmenetan adostutako lanaldia 1.698 ordukoa izan zen 2023an (EAEn sinatutakoena 1.684 lanordukoa eta Estatuan sinatutako eta EAEn eragina duten hitzarmenetan 1.727 lanordutakoa).
Kontuan izanik asteko 37,5 lanordu urteko 1.712 lanorduren parekoa dela, ikus dezakegu Hego Euskal Herrian neurri honen eragina askoz mugatuagoa litzatekeela beste lurralde batzuetan baino. Esandakoarengatik, ELAren iritziz EAJk eta EH-Bilduk lanaldi murrizketari buruzko legezko izapidetzea probestu beharko lukete Hego Euskal Herrian lanaldia ezartzeko araudia erabaki dezagun, modu horretan soilik izango baita posible euskal langileek duten beharraren araberako lanaldia ezartzea legez.
Trantsizio ekosoziala gauzatzeko elementu nagusietako bat mundu mailako produkzio maila murriztea izango da. Murrizte hau, langile klasearen eskubide eta interesak defendatuz gerta daiteke edo planetaren muga biofisikoek eraginda langileok zapalduz. Beraz, enplegu suntsiketa orokorrik ekartzerik nahi ez bada, ezinbestean lanaldi murrizketa erradikalak behar direla defendatu du ELAk. Horrez gain, adierazi du “lanaldi murrizketa da gizarte guztiak zaintza beharrei lehentasuna emateko modu bakarra” dela, “soldatapeko lanetik askatuta soilik izango baitugu denbora kolektiboki zaintza lanak ere antolatzeko”. Esandakoarengatik, Euskal Herrian lanaldia arautu ahal izatea funtsezko elementua da ELArentzat.