ELAk Egunkaria-ri eta bere arduradunei egindako kaltea ordaintzea exijitzen du

2010/04/12
ELAk bere poza adierazi nahi du Euskaldunon Egunkaria-ren aurka zabaldutako auzian auzipetutako bost prozesatuen absoluzioa dela-eta, hura baitzen "erabaki posible bakarra".

Sindikatu honen iritziz, "inolako krimen-egozte probarik gabeko prozedura judizial baten aurrean aurkitu gara, helburu bakarra hauxe zelarik: euskal kulturaren alorrean prestigio handia duten lagunak kriminalizatzea, eta berarekin gizartean babes zabala duen proiektu bat bere osotasunean". Bestalde, ELAk salatzen duenez, PPren gobernuarekin hasi zen prozesuak alderdi horrek PSOErekin mantentzen duen estatu itunaren babes osoa izan du urte guzti hauetan zehar.

ELAk ere nabarmendu nahi du zazpi urte hauetan zenbait erakunde politikoren eta talde mediatikoren arteko elkar hartzea. Denbora honetan isilarazi, alboratu eta ezkutatu egin dituzte akusatuen aldeko ekintzak eta adierazpenak, eta hori baina ekimen larriagoak, tortura salaketak kasu.

Azkenik, ELAk Egunkaria-ren kautelazko itxieragatik eragindako kalteak ordaintzea exijitzen du.