Osasunbidea
ELAk EH Bilduri eskatu dio Osasunbidea eta NOPLOI enpresa publiko bihurtu nahi dituen Osasun Legearen aurka bozkatzeko

ELA sindikatuak Osasunari buruzko Foru Lege Aurreproiektuaren aurka dagoela adierazi dio EH Bilduri gaur izandako bileran. Nafarroako Gobernuak egindako lege proiektuak Lehen Xedapen Gehigarrian jasotzen du urtebeteko epean sortuko direla Osasunbideko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) enpresa entitate publikoak, egungo izaera juridikoa aldatuz. Horrek esan nahi du Osasunbideko eta NOPLOIko langileak lan kontratuko langileak izango direla, eta ez funtzionarioak.
Osasunbidea eta NOPLOI enpresa publiko bihurtzeak, Nasuvinsa, Tracasa edo Salinas de Navarraren estatus berarekin, esan nahi du langileak eremu pribatuko zuzenbidearen mende geratuko direla, Langileen Estatutua erreferentziatzat hartuta, beste edozein enpresa publiko edo pribatuk bezala.
Gainera, Nafarroak Osasunbideko eta NOPLOIko lan baldintzak arautzeko eskumena galduko luke, funtzionario baldintzak Nafarroan erabakitzen direlako, eta lan kontratuko langileen baldintzak Estatu mailan ezartzen direlako Madrildik.
Osasun langileen eskubideen urraketa horrez gain, ELAk EH Bilduri eskatu dio ez dezala babestu Lege hau, besteak beste, honako puntu hauek ez dituelako:
-
Ez du irtenbiderik eskaintzen ez behin behinekotasunerako, ezta plantillaren erosahalmenaren galerarako ere.
-
Malguegia da mugikortasunarekin
-
Ez dizkio ateak ixten ekimen pribatuari.
-
Ez du bermatzen herritarrei arreta euskaraz emango zaienik.
Sindikatuak mobilizazioak bultzatuko ditu lege hau aurrera atera ez dadin. Lan baldintzen ikuspegitik eta, azken batean, zerbitzu publikoen defentsatik, aurkeztutako aurreproiektuaren artikuluak ez dira Parlamentuan onartu behar.