ELAk EITBren politika informatiboa salatu du Arartekoarekin izandako bileran

2016/03/02
EITBk legea ez du betetzen, proposamen sozial eta politiko alternatiboak anekdota bihur daitezen; batez ere gobernuari eta berau osatzen duten alderdiei ematen die sostengua, baita mundu ekonomikoaren interesei ere.

Adolfo Muñoz Txiki ELAko Idazkari Nagusia eta Amaia Aierbe Zerbitzu Juridikoaren arduradun konfederala Manuel Lezertua Arartekoarekin bildu ziren atzo, EITBren inguruko salaketa batzuk egiteko.

EITBK LEGEA EZ DU BETETZEN. “Euskal Irrati-Telebista Herri-Erakundea sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 20. artikuluak, “irrapide eta zuzenketa” eskubideei buruzkoak, hau dio bere 1. puntuan: “Gizarte eta politika-talde ordezkagarriek, Lege honen xede diren herri-adierazpideak erabiltzeko eskubidea izango dute. Eskubide hau egiteratzeko, Arduratze-Batzordeak, Artezkari Nagusiarekin bat eta dagozkion aginteak egiteratuz, erizpide soilak ezarriko ditu, hori erabakitzeko, aipatutako taldeek bateango Erakundeetan, Kondaira Lurraldeetan eta Elkarte Autonomiaduneko Udaletxeetan daukaten ordezkotza, eta beharrezko jo ditzan sindikaritza edo ugazaba-ordezkotzazko, edo gizarte eta kultura-interesezko beste ezein erizpide kontutan izanik”. “Irrapide-eskubidea esangura gutxiagoko politika, gizarte eta kultura-taldeentzako ere bermatuko da”.

Urteak igaro direlarik, EITBk ez ditu legea garatzeko “erizpide soil” horiek finkatu. Alabaina, irizpide objektiborik finkatu ez izanak ez du esan nahi erakundearen zuzendaritzak bere irizpideak aplikatzen ez dituenik. Izan ere, arau gabezia horrek modu arbitrarioan jokatzeko aukera ematen baitio, informazioaren tratamenduan lehentasuna ematen dielarik Jaurlaritzaren propagandari, gobernuaren aldeko indar politikoen presentziari eta mundu ekonomikoaren interesei. Gure iritziz, arauen ezarpena saihesteko jokabideak indefentsioa eragiten du.

ELAk uste du arauen gabezia osatu egin behar dela, legea aintzat hartuaz. Aniztasun politiko eta sozialak, gatazka sozialaren zergatiek, gizarte demokratiko batek eskatzen duen kontraste kritikoak… horrek guztiak EITBko zuzendaritza modu objektiboan jokatzera behartzen du. Gaur hori ez da gertatzen.

Sindikatu honek joan den irailaren 30ean txosten bat argitaratu zuen (http://www.ela.eus/eu/aktualitatea/albisteak/eitbk-berreskuratu-egin-behar-ditu-bere-sorrera-inspiratu-zuten-berdintasun-eta-aniztasun-printzipioak). Bertan EITBren pertsonal politikaren aurkako jarrera agertzeaz gainera, zuzendaritzaren politika informatiboari kargu hartzen genion. Besteak beste, hau salatzen du txostenak:

  • EITBren sorrera inspiratu zuten printzipioak baztertu izana.

  • Organizazio desberdinei lekua ematerakoan irizpide objektiboen gabezia.

  • Lehentasuna ematen zaiela Jaurlaritzari, bera sostengatzen duten alderdiei eta enpresa munduari. EITBk sustatzen dituen balioen arabera enpresa munduaren interesak gizarte osoarenak bailiran agertzen dira.

  • Esparru alternatiboa ordezkatzen dutenak baztertu egiten dira, programazioan anekdota bihurtzeraino.

  • Benetako debaterik ez dago; horren ordez tertuliak dira nagusi, eta hauetan parte hartzen dutenek alderdien kuotaren arabera erabakitzen dira.

  • Ezartzen diren politikak berresteko “aditu” neoliberalak aukeratzen dira.

Egoera hauek hedabide publiko batean onartezinak dira, eta ELAk EITBko zuzendaritzari jakinarazi zizkion, baina ordutik hona ez da ezer zuzendu; aitzitik, esan daiteke mundu sindikal eta sozial alternatiboarekiko diskriminazioa areagotu egin dela. Horren adibide, “En Jake” saioaren zuzendariak “Sin ir más lejos” saioan ELArekiko adierazi zuen gutxiespena. Honek agerian uzten du erakundean ez dagoela kode etikorik.

ELAk aipatutako txostena EITBko Administrazio Kontseiluko kideei helarazi zien (bidenabar, esan beharra dago Legebiltzarreko taldeek ELA organo honetatik kanpo uzten dutela legealdiz legealdi). Kontseilari batek ere ez du gure kritikan sakontzeko interesik izan; honek islatzen du zuzendaritzaren jokabidearekiko duten sintonia.

ELAk Arartekoari eskatu dio EITBko zuzendaritzari exiji diezaiola legea bete dezan.