ELAk ekainaren 19rako greba orokorra deitu du

2002/05/23
Erreformaren eragina
Ekainaren 19an, langabezia murrizteko erreformaren aurka EUSKAL LANGILEOK GREBARA Gobernu espainolak langabeziaren babesaren erreforma lege-dekretu bidez ezarri du. Neurrion ondorio nagusia langileon eskubideen murrizketa nabaria izango da. Lanik gabe daudenei ematen zaizkien laguntzak berrikustearen alde dago ELA, baina ez PPk nahi duen moduan, murrizketara joaz, hobetuaz baizik, oraingo babesa lotsagarria baita: Hego Euskal Herrian langabezian dauden 10 lagunetik 6k, INEMengandik ez du inolako dirulaguntzarik jasotzen. Langabeziaren babeserako, ordea, gero eta kotizazio gehiago biltzen du estatuak, baina jasotzen dituen 10 eurotik 6 besterik ez dira langabetuengana iristen. ERREFORMAREN ONDORIOAK KALERATZE MERKEAGOA Enpresariak bidegabeko kaleratzea egiten badu ez du tramitazio soldatarik ordaindu beharko (langileak kaleratzea ematen denetik epaitegiaren ebazpena jakiteden arte jasotzen duen soldata). Ondorioak: Bidegabeko kaleratzea izugarri merkatzen da; honek batez ere antzinatasun gutxi dutenei egingo die kalte, kaleratzeagatik ematen zaien ordaina soldataren zati handia baita; gainera, langileon prestazio epea murrizten da, langabezian lehenago sartzen direnez, eta kotizazio epea laburtzen denez, kaleratutako beharginak langabeziagatik duen dirulaguntza murriztea, edo gutxieneko kotizaziora ez iristea gerta daiteke. EDOZEIN LANPOSTU ONARTU BEHARRA Langileak “lanpostu egokia” onartuko ez balu, INEMek langabezi asegurua murriztu edo kenduko lioke. Proposamen honek tranpa dakar bere baitan: Hemendik aurrera edozein lanpostu izango da “egokia”. Bost axola lana zertan datzan, baldintzak zeintzuk diren edo lantokia non dagoen. Soldata eta kontratuaren iraupena ere ez da kontutan hartuko. Lantokiraino egin beharreko bideak ez du garrantzirik izango, baldin eta bizilekutik 30 kilometro baino gutxiagora badago, joan﷓etorrian langileak 2 ordu baino gehiago egiten ez badu, eta bidaietako gastuak soldata gordinaren %20ra iristen ez badira (otorduetako gastua eta antzekoak ez dira aintzat hartzen). MURRIZKETA GEHIAGO - Epekako kontratu finko ez jarraia dutenak (hezkuntzan adibidez) INEMen babesik gabe geratuko dira, lanaldi partzialeko kontratutzat hartuko baitira. - Kaleratzeagatik ematen den kalteordaina errentatzat hartuko da: dirulaguntza gal daiteke. - Langabeziko dirulaguntzaren hasiera atzeratzen da, egokitu zaion oporraldia kontutan hartuz. - Dirulaguntza duten enplegu publikoek ez dute langabezira kotizatuko, beraz ez dute INEMen laguntzarik jasoko. ZENTRALIZAZIOA Lege-dekretuz ezarri dituen neurriez gainera, PPren Gobernua INEMen politika aktiboen erreforma ari da prestatzen, eta horren ostean Gobernuak erabakiko du zein eskumen gelditzen diren Estatuko Enplegu Zerbitzuaren baitan eta zeintzuk ez. Aurrekontuen legean erabaki hau urtero alda daitekeenez, ELAk betidanik aldarrikatu duen lan harremanen euskal esparrua saihesten dute. Lan- eta gizarte-arloko erabakiak, guregan hainbesteko eragina dutenak, Estatuaren esku daude. Lan harremanen euskal esparrua eta babes soziala lortu behar dugu, lanaren eskubide, babes sozial eta enpleguko ahalmen osoarekin. ENPRESARIEN POZA Enpresarientzat erreformak bi abantaila nagusi ekarriko ditu: Kaleratze kostu merkeagoak eta kontratazio berriei lan baldintza lazgarriak inposatzeko aukera. Gainera, enpresariek dirulaguntza gehiago jasoko dituzte (langabeziaren dirulaguntza jasotzen ari diren 52 urtetik gorakoak kontratatuz gero), eta Gizarte Segurantzan hobariak izanen dituzte (haurra izan ondotik 24 hilabete pasatu baino lehen emakumea kontratatzen denean). GEURE ERANTZUNA Ekainaren 19ko greba orokorrak lema argia du: erabateko STOPa Gobernuaren neurriei. ELA bat dator ideia honekin. Halere, ELA ez dago ados, CC OO eta UGTk, Aznarren Gobernua eta CEOErekin bat eginez, garatu duten kontzertazio ereduarekin. Grebaren xedea askorentzat hau guztia berreskuratzea da. Eredu honen ondorioak gogora ditzagun: - 1997an, CCOO, UGT eta Gobernuak pentsioen murrizketa sinatu zuten; urte berean, bi sindikatuek eta CEOEk bidegabeko kaleratzea merkatu, kaleratze objektiboa zabaldu eta negoziazio kolektiboa zentralizatzeko akordioak lortu zituzten. - 1998an, CC.OOek eta Gobernuak lanaldi partziala bultzatzea erabaki hartu zuten; 2001an, CCOO, Gobernua eta CEOEk pentsioak berriro murriztea hitzartu zuten; azkenik, aurten CC.OO, UGT eta CEOEk hitzarmenetan soldaten igoera mugatzeko akordioa iritsi zuten. Aurrekariak kontutan hartuta, grebak ezin du Euskal Herriko langileen txeke zuria izan sindikatu espainiarrek Gobernuarekin duten harreman ona berreskura dezaten. Greban izango dugun parte hartze nabariarekin, PPren Gobernuaren plan zentralista eta baztertzailea bertan behera uzteko eskatuko dugu. Euskal Herriko langileok ekainaren 19an Greba Orokorra egingo dugu! 5 ARRAZOI GREBARAKO 1. Langabetuak iruzurgiletzat hartzen dituen Aznarren erreformari aurre egitea. 2. Tramitazio soldaten desagerpena eta kaleratzearen merkatzea salatzea. 3. Ez dugu onartzen edozein lan eskaintza “lanpostu egokia” denik. 4. Gehien dutenei zergak jaitsi eta langabezian dauden pertsonekin aurrezten duen politika salatzea (langabetuen %60 prestaziorik gabe, PERaren desagerpena, aldikako langile finko ez jarraiak, kaleratzeagatik ordaintzen diren kalteordainen zenbaketa...) 5. Euskal Herriarentzat enplegu eta babes sistema propioa exijitzeko. 5 ARRAZOI GREBA EKAINAREN 19AN IZAN DADIN Euskal Herriko langileok ez dugu greba egingo CCOO eta UGTri txeke zuria emateko. Horregatik argi utzi nahi dugu ekainaren 19an: 1. EZ dugula greba egingo Aznarrekin berriro konpon daitezen. 2. EZ dugula greba egingo gizarte babesa murrizten duten erreformak berriro sina ditzaten, kaleratzea merkeagoa izan dadin eta lan malgutasuna handiagoa izan dadin. 3. EZ dugula greba egingo langabezi sistema gehiago zentraliza dezaten. 4. EZ dugula greba egingo “soldaten murrizketa” berriro hitzar dezaten. 5. EZ dugula greba egingo negoziazio kolektiboa zentralizatzen laguntzeko. PPren inposizioari indarrez erantzutearen ALDE. CCOO eta UGTri txeke zuria ematearen AURKA. AZNARREN BENETAKO AURPEGIA (Editoriala. Astekaria 72, 24-5-02)