ELAk ekintza bat egin du Iruñean etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko: 25.000 etxebizitza hutsik dauden bitartean 350 etxegabetze baino gehiago izaten dira urtero

ELAk perfonace bat egin du Iruñeko Sarasate pasealekuan, Parlamentuaren aurrean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Ekintzan politikak eta egungo legedia salatu dituzte, etxebizitza ez delako oinarrizko eta benetako eskubide gisa hartzen, baizik eta negozio gisa, espekulazioa bultzatzen. Perfonaceak kanpamentu bat irudikatu du, etxebizitza bat eskuratu ezin duten pertsonak ikusarazteko.
Pandemiaren ondoren, ELAk etxebizitzari buruzko diagnostiko bat egin du, eta ekintzaren lehen zatian ondorioak aurkeztu dira: Nafarroan 25.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta urtean 350 etxegabetze baino gehiago gertatzen dira; alokairuaren batez besteko errenta 1.000 euro ingurukoa da Iruñean, eta salerosketan dagoen etxebizitzaren prezioa 1.500 eurotik gorakoa da metro koadroko Nafarroan.
2008ra arte, etxebizitzen eraikuntza masiboak eta hipotekak ematen zituzten finantza erakundeen abusuak larriki murriztu zuten etxebizitza eskuratzeko aukera, eta arazo hori gero eta larriagoa da. Nafarroako Gobernuak politika horrekin jarraitzen du, negozio berriekin, hala nola Salesianosen egiten ari direnarekin edo Etxabakoitz eta Sanduzelain iragarritakoarekin. Bertan, AHTaren geltokiaren kontura, 11.700 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten da, besteak beste.
Errealitate horren aurrean, ELAren proposamenen artean honako hauek daude: legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea salerosketa ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismo etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea.